Ehunka lagun irten da kalera Zestoako Gaztetxearen alde

Maialen Etxaniz 2024ko otsailaren 4a

Gotzaindegiak "kontrakoa esanagatik", behin betiko sentetzia iritsi artean, gaztetxeko kideak zigor ekonomikoa jasotzeko arriskuan daudela adierazi dute. Gaztetxean sartu zirenetik egindako lanari balioa eman diote, eta bertan lanean jarraituko dutela aurreratu dute gazteek. Otsailaren 24an ospatuko dute gaztetxe berriaren urtemuga. 

Zestoako Gazte Asanbladak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian herriko kaleetan Zestoako Gaztetxearen alde, Gaztetxea defendatu, desalojoa gelditu lelopean. Ehunka izan dira mobilizazio deialdiarekin bat egin dutenak, eta horien guztien sustengua eskertu dute gazte asanbladako kideek.

Zestoako Gaztetxe berria desalojo arriskuan dago, horrela adierazi baitzuen duela astebete Azpeitiko Epaitegiak plazaratutako epaiak. Horrenbestez, egoeraren larriaz jakitun, mobilizazioa egin dute Zestoan. Askotarikoak izan dira entzun diren aldarriak, besteak beste, gaztetxearen aldekoak, Elizaren kontrakoak, udalari ardura eskatzekoak eta espazioa defendatzera dei egiten zutenak. Plazan hasi eta plazan bukatu da manifestazioa. 

Borroka prozesuan zehar ondoan izan dituzten kideei eskerrak emanez hasi dute hitzartzea. "Prozesu luze honetan alboan izan ditugun gaztetxe eta espazio ezberdinei eskerrak, Defentsa Komunitateari eta era batera edo bestera zuen laguntza eman diguzuen norbanako eta eragile guztiei; zuek gabe hau ez litzateke posible izango". Txaloz erantzun dute bertaratutakoek. 

Jarraian, epaiari eta elizaren azken adierazpenei egin diete erreferentzia, eta aipatu dute, Gotzaindegiak "kontrakoa esanagatik", behin betiko sentetzia iritsi artean, gaztetxeko kideak zigor ekonomikoa jasotzeko arriskuan daudela.  "Lehengo astean iritsi zen gaztetxearen aurkako epaia, gaztetxea desalojo arriskuan dago eta herriko bi gazte kondenaturik eta milaka euroko zigor ekonomikoak jasotzeko arriskuan daude. Gotzaindegiak kontrakorik esanagatik, behin betiko sententzia iritsi artean mahai gainean dago arriskua", adierazi dute. Era berean, "babes osoa" agertu diete "gaztetxearen alde borroka egiteagatik" auziperatutako bi gazteei. 

"Erantzule nagusiak", jopuntuan

Egoeraren testuinguraketa eginda, auzian era batera edo bestera eragina izan duten erakundeak jarri dituzte jopuntuan hala nola, Eliza eta udala. Horrela aipatu dute udalaren jarreraz egiten duten irakurketa: "Udala, gaztetxearen aldeko inongo pauso errealik ematetik urrun, azken asteetako adierazpenekin argi utzi du gaztetxearen alde baino, gatazka bere intereserako erabiltzen nahi duela, elizaren jabetzak udalaren eskuetan jartzea helburu hartuz gaztetxea aipatu gabe". 

Elizari dagokionez, aipatu dute "ezaguna" dela erakunde kristauaren "jarrera atzerakoi eta diruzalea", baita gatazkaren aurrean hartu duen bide judiziala ere, eta azpimarratu dute "elkarrizketari uko" egin diola. Apostasiak aurkezteko jarritako zailtasunak ere salatu dituzte, eta nabarmendu dute bildutako ehunka apostasiak aurkezteko ahalegina egingo dutela. "Apostasiei uko egin nahian dabil mota guztietako aitzakiekin. Hori da fede askatasunaren aurkako benetako erasoa. Baino ez da horrela geldituko, lanean jarraituko dugu ditugun ehunka apostasiak aurrera eraman arte".

"Erreakzionarioen aurka"

Elizaren alde agertu diren eragileen jarrera ere salatu dute manifestazioa amaitzean; izan ere, asanbladakoen hitzetan, "kriminalizatu" egin dituzte gaztetxearen alde egindako elkartasun ekintza baten aitzakian. "Instituzio atzerakoi kapitalista honen defentsan atera da mota guztietako fauna eskuindar eta erreakzionarioa. Erraza da elkartasun ekintza isolatu bat hartu eta kritika antzuak egitea ekimen konkretu horri, atzetik dakarren guztia kontuan hartu gabe. Ekintza horretatik eliza nahiz udalaren zein komunikabide eta alderdi instituzionalen partetik jasan dugun manipulazio kanpainaren ondorioz, normalizatzen dira halako jarrera arriskutsuak: eta horren adibide da pasa den igandekoa; herrian izan genituelako espezimen hauetako batzuk", esan dute. Gaztetxekoek azaldu dutenez, hainbat pertsona joan zen Zestoara Elizari babesa agertzera eta gazte asanbladakoen pankartak kentzera. Ozen esan dute ez dutela horrelakorik onartuko: "Norberak ikusiko du formen eztabaida antzuetan erori edo gaztetxeko kideok jasan dugun kanpaina hori salatu. Guk behintzat, garbi utzi nahi dugu, ez diogula utziko gure herrian zabor erreakzionario honi nahi duen moduan ibiltzen. Aurrean izango gaituzue".

Gaztetxean sartu zirenetik egindako lanari balioa eman diote, eta bertan lanean jarraituko dutela aurreratu dute gazteek. Hil honetan urte bat beteko da Elizondora sartu zirenetik, eta urtemuga ospatzeko asmoa iragarri dute: "Esan beharrik ez dago egindako borroka nekaezinaren fruitu dela gaur oraindik gaztetxea Gazte Asanbladaren esku egotea. Lorpen hau guztion borroka eta irmotasunari esker izan da. Otsailaren 24an gaztetxe berriaren lehen urtea ospatzeko festa egingo dugu, eta guztiei dei egiten dizuegu bertan parte hartzera".

Azkenik, gaztetxearen aldeko borrokan jarraitzeko "konpromiso irmoa" adierazi dute, eta haien ondoan borrokan jarraitzeko deia egin dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide