Zestoako Gaztetxe berriaren auziaren sokak ez du etenik. "Azken egunotan komunikabideetan atera diren hainbat informazioren aurrean", oharra kaleratu du gaur, hilak 2, Donostiako Gotzaindegiak, eta azaldu du erakundeak ez duela epaitegietan "demandatuei isunik jartzeko eskatu". Hain zuzen, azpimarratu du "eskatu den gauza bakarra, gazteak Elizondo etxetik ateratzea" dela. Horrenbestez, gezurtatu egin du 70.000 eurotako isuna izateko arriskua: "Informazio hori erabat okerra da; epaileak, ohikoa den eran, prozesu-kostuak soilik ordaintzea eskatu die demandatuei".
Apostasia eskaerez ere mintzatu da Gotzaindegia, eta esan du Zestoako Gazte Asanbladako kideek astelehenean aurkeztutako eskabideek ez dituztela betetzen apostasia egiteko baldintzak. "Gotzaindegira ekarri zituzten eskabideek ez zituzten prozesu honi hasiera emateko dagozkion baldintzak betetzen. Prozesuari hasiera emateko, bataio-agiria aurkeztea nahitaezkoa da. Baldintzak betetzen direnean tramiteak gotzaindegiko Epai Bikaritzan ebazten dira", azaldu du erakunde kristauak.
Gaztetxearen defentsan, manifestazioa
Zestoako Gazte Asanbladako kideek Gaztetxearen defentsan manifestazioa egingo dute igande eguerdian (12:30). Astelehenean Gotzaindegiaren aurrean egindako agerraldian eman zuten horren berri. Orduan saiatu ziren azken hilabeteetan bildutako 720 apostasiak erakundeari ematen. Gazteek Urola Kostako Hitzari jakinarazi ziotenez, Gotzaindegiko bi sarrerak ertzainek itxita zituzten, eta Gazte Asanbladako kide bakarrari utzi diote barrura sartzen. Gotzaindegiko idazkariarekin hitz egiteko aukera izan zuen hark, baina idazkariak ez zizkion apostasia eskaerak onartu, eskaera egin nahi duten herritar horiek "paper gehiago" aurkeztu behar dituztela argudiatuta.
Asteleheneko agerraldian berretsi zuten gaztetxearen alde borrokan jarraitzeko asmoa, euren kontrako epaia gaitzestearekin batera. Epaiaren arabera, gazteek hogei eguneko epea dute Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikina beren kabuz uzteko eta jabeari entregatzeko, bestela handik "bota" egingo dituztelako. Sententzia ez da irmoa, eta gazteek helegitea aurkezteko asmoa iragarri zuten.