Nerea Mendizabal: "Batzuetan kostatu egiten zaigu haurrei eskatzen dieguna betetzea"

Jone Arruabarrena (Gipuzkoako Hitza) 2024ko urtarrilaren 28a

Nerea Mendizabal. (Nerea Mendizabal)

Nerea Mendizabal psikopedagogoari elkarrizketa hau egin dute aste honetako Gipuzkoako Hitza-n

Pertsonen arteko harremanen bideratzailea da Nerea Mendizabal psikopedagogoa (Zestoa, 1976). Komunikazio ez-bortitzean aditua da, baita gizarte hezkuntzan diplomatua ere, besteak beste. Kantuaren bidez ere landu izan du harremanen gaia, eta Elkarrekin hazi izeneko liburua eta Zu eta ni jolasa ere sortu ditu, haurren eta gurasoen arteko komunikazioan sakontzeko. Harreman osasungarriak lagun artean hitzaldia emango du Ordiziako Barrena kultur etxean, astelehenean, 18:00etan, haurren lagun arteko harremanak gurasoekin lantzeko.

Zer garrantzi dauka laguntasunak?

Bizitzako lehen urteetan garrantzia dauka, eta ondoren ere bai. Baina lehenengo urte horietan gauza asko ikasten dira. Berdinekiko harremanak funtsezkoak dira haurren eta nerabeen garapen integralerako, haien garapen sozial, emozional eta kognitiboari eta bizitzako erronkei aurre egiteko gaitasunari eragiten baitiete. Harreman horiek oso lagungarriak dira haurtzaroan eta nerabezaroan nortasuna eraikitzeko eta ongizate orokorra lortzeko. Norbere segurtasuna eraikitzea ere garrantzitsua da, gero kanpoko munduarekin ere konfiantza horrekin izateko harremana.

Zeintzuk dira laguntasun harreman osasuntsu baten oinarriak?

Askotan, lehenengo etortzen zaigun ideia errespetua da. Baina errespetuari norberak bere esanahia eman diezaioke. Niretzat, tratu atsegin bat izatea da, elkar babestea eta onarpena izatea, ni izateko aukera izatea, eta horregatik epaitua ez izatea. Lekua edukitzea harreman horretan, eta baita behar dudanean laguntza eskatzeko aukera izatea ere. Nik esateko daukadanari balioa ematea. Funtsean, bidea elkarrekin egingo dugula sentitzea da niretzat laguntasuna.

Helduek haurrekin batera ikasi behar dute harremanen inguruan?

Normalean, hitzaldietan galdetzen dut ea zer den guretzat harreman osasuntsuak izatea. Eta hor hainbat ideia irten ohi dira: elkar errespetatzea, beldurrik ez izatea norberak pentsatzen duena esateko... Horren inguruan hausnartzen dugunean, askotan ikusten dugu nerabeei edo haurrei eskatzen diegula beren arteko harremanak errespetuzkoak izateko, berdinen arteko harremanetan hezten ditugula, baina guri ere batzuetan kostatu egiten zaigu haurrei eskatzen diegun hori betetzea. Seme-alabei esaten diegu: "Zerbaitek molestatzen badizu, esan". Eta guk, esaten dugu? Horren inguruan kontzientzia hartzea gustatzen zait, eta ikustea guri kostatzen zaigun era berean gure haurrei ere kostatu egiten zaiela. Kontzientzia hartze horrekin konturatzen gara umeekin ere ikas dezakegula, guk ere ikasten dugula, eta geure buruari ez diogula txapel bat jarri behar, ez esateko: "Nik badakit zer dagoen ondo eta zer gaizki".

(Jarraitu irakurtzen Berria.eus-en)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide