Iraetako santainesak azken txanpan sartu dira

Aitziber Arzallus 2024ko urtarrilaren 27a

Herria afariarekin eta Olber DJaren saioarekin, iraetarrek datorren urtera arte agurtuko dituzte aurtengo jaiak.

Bi asteburuz Santa Ines jaiak ospatzen ari dira Zestoako Iraeta auzoan, baina dagoeneko ordu batzuk baino ez zaizki falta aurtengo festei bukaera emateko. 19:30ean frontoitik hasita, triki poteoa egingo dute, eta ondoren, 21:00etan hasita, herri afaria. Garagardozaleen gustuko menua prestatu dute afarirako: saltxitxak, txerri saiheskia, postre eta garagardoa nahi adina. Ondoren, egitarauko azken ekintza gisa, Olber DJak saioa eskainiko du.

Iragan asteburuan ez ezik, asteburu honetan ere, ostirala iluntzeaz geroztik, festa giroa nagusi da auzoan. Atzo mus txapelketa egin zuten, eta giro ederrean jardun ziren parte hartu zuten bikoteak. Onenak azpeitiarrak izan ziren; hain zuzen ere, Aitor Muñozek eta Igor Arangurenek osatutako bikotearentzat izan zen sari nagusia.

Gaur, berriz, pintxo lehiaketarekin ekin diote egunari. Parte hartzaileak 13:00 aldera hasi dira pintxoak prestatzen Ordeka elkartean, eta ondoren, lehiaketarako prestatutakoa janez bazkaldu dute han bildutako herritarrek.

 (Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide