Giro ederrean ari dira ospatzen Santa Ines eguna Iraetan

Intza Trula 2024ko urtarrilaren 21a

Santa Ines egunari hasiera emateko txupinazoa bota dute auzoan. Jarraian hamaiketakoa egin dute Gure Ordeka elkartean, eta goiza amaitzeko Iraetako Pilota Txapelketako finalak jokatu dituzte frontoian. Arratsaldean, aldiz, herri kirol erakustaldiak hartuko du frontoia.

Atzo arratsaldetik festetan murgilduta daude Iraeta auzoan, eta gaur, Santa Ines eguna ospatzen dabiltza goizean gozetik. 11:00 aldera bota dute txupinazoa, eta jarraian Gure Ordeka elkartean bildu dira salda beroa, kroketak eta pintxoak dastatzeko. Ondoren frontoirako bidea hartu dute guztiek, Iraetako Pilota Txapelketako finalak ikusteko.

Lagun mordoa bildu da 11:30ean frontoian, Iraetako Pilota Txapelketako bi finalak zuzenean jarraitzeko asmoz. Lehenengo partidan, Naroa Gastiainek eta Uxue Egañak Naira Otañoren eta Laia Gastiainen aurka jokatu dute. 16 eta 12 eginda, Naroa Gastiainek eta Uxue Egañak poltsikoratu dute garaipena. Bigarren partidan, aldiz, Mattin Eizagirrek eta Liam Zunzunegik osatutako bikoteak 14 eta 22 irabazi dio Ioritz Arantzeta eta Mikel Armendarizek osatutako bikoteari. Jon Uriak egin ditu epaile lanak, eta partidak amaitu bezain laster banatu dituzte sariak. Bigarren partida hasi aurretik Luis Migel Ugarte Zunzun omentzeko minutuko isilunea egin dute.

Arratsaldean herri kirol erakustaldia izango dute auzotarrek. 17:30ean, 2024ko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa jokatuko da frontoian. Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Julen Gabirondoren eta Xabier Zalduaren aurka lehiatuko dira. Hogei enbor ebaki beharko dituzte, sei eratara. Jarraian, Errota harriaren txapelketa izango da: Gari Garmendia, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno arituko dira harria jasotzen. Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketa jokatuko dute ondoren Lierni Osak eta Maddi Gesalagak. Ikuskizunekin amaitzeko, Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketan, Kimetz Alzolak, Kimetz OinederraAittolak, Igoin Pikabeak eta Jon Zalduak egingo dute aizkoran.

Datorren ostiralean jarraituko dute jaiekin. Honakoa da egitaraua:

Urtarrilak 26, ostirala

  • 22:00. XXXIII. Mus Txapelketa Bekoetxen.

Urtarrilak 27, larunbata

  • 13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
  • 14:00. Pintxo lehiaketan aurkeztutako pintxoekin bazkaria Gure Ordeka elkartean.
  • 19:30. Triki poteoa frontoitik hasita.
  • 21:00. Afari herrikoia.
  • 00:00. Dj Olber.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide