Lehen sektorea sustatzea helburu duen Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa aurkeztuko du talde eragileak datorren asteazkenean, hilaren 24an, Zestoan. Alonderon egingo du ekitaldia taldeak, 18:30ean hasita, eta ondoren mokadua izango da.
Biolurrek Amillubi Lurra Taupaka proiektua abiatu zuen joan den hilean, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lur eta basoak erosteko urratsak modu kolektiboan eginda. Egitasmo berriarekin "lurra ondasun kolektibo bilakatzea" du helburu Biolurrek. Amillubi baserria eta lurrak erosita, lurra "espekulaziotik eta artifizializaziotik" babestu nahi dute, lehen sektorea eta elikadura sistema "indartzeko".