B ihar helduko diete Zestoako Iraeta auzoan Santa Ines festei. Urtero legez, bi asteburuz luzatuko dituzte auzoko jaiak, eta jan-edanerako, dantzarako eta jolaserako egitarau oparoa prestatu du Iraeta Denon Artean elkarteak.
Bihar, 16:00etatik aurrera, puzgarriak jarriko dituzte auzoko frontoian, eta 16:30ean haur jaioberriei ongietorria egingo diete. Horrez gainera, 17:00etatik hasita tren txikian ibiltzeko aukera izango dute umeek, eta indarrak berreskuratzeko, txokolatea banatuko diete bertaratzen diren guztiei.
Hurrengo egunean, igandean, Santa Ines eguna ospatuko dute auzotarrek. 11:00etan botako dute txupinazoa, eta jarraian auzoko jubilatuak hamaiketakoaz gotzatzeko elkartuko dira Gure Ordeka elkartean. Geroago, 11:30ean, Iraetako Pilota Txapelketako finalei helduko diete. Aurten, estreinakoz, emakumeen lehiaketa ere antolatu dute: "Emakumeek ere jokatzen dute pilotan. Beraien parte hartzea bultzatu nahi dugu, eta horregatik antolatu dugu aurten emakumeen txapelketa", aipatu du Jon Uria pilota txapelketaren antolatzaile eta epaileak. Nesketan, Naira Otaño eta Laia Gastiain pilotariek Naroa Gastiainen eta Uxue Egañaren aurka jokatuko dute. Mutiletan, Mattin eta Liam Mikelen eta Arantzetaren aurka izango dira. Partida guztiak amaitzean ekingo diote sari banaketari, eta Uriak jakinarazi duen moduan, garaikurra eta txapela jasoko dituzte irabazleek. 12:30ean, Santa Ines eguneko meza izango da.
Pilota alde batera utzita, 17:30ean, 2024ko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketak hartuko du frontoia. Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Julen Gabirondoren eta Xabier Zalduaren aurka lehiatuko dira. Hogei enbor ebaki beharko dituzte, sei eratara. Jarraian, Errota harriaren txapelketa izango da: Gari Garmendia, Xabat Olaizola, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno arituko dira harria jasotzen. Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketa jokatuko dute ondoren Lierni Osak eta Maddi Gesalagak. Ikuskizunekin amaitzeko, Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketan, Kimetz Alzolak, Kimetz OinederraAittolak, Igoin Pikabeak eta Jon Zalduak egingo dute aizkoran.
Datorren astean izango du jarraipena festak. Urtarrilaren 26an, XXXIII. Mus Txapelketa jokatuko dute Bekoetxen, eta urtarrilaren 27an, larunbatez, amaituko dira aurtengo Santa Ines festak. Hasteko, 13:00etan, Gure Ordeka elkartean pintxo lehiaketa eta bazkaria egingo dituzte. Atsedenik hartu gabe, 19:30ean, triki poteoak alaituko du auzoa herri afarira bitartean. Afarirako txartelak urtarrilaren 26ra bitarte eskuratu ahal izango dira, Iraeta auzoko Iraeta tabernan, eta Zestoako Koiote eta Portale tabernetan. Gaua luzatu nahi duenak ere izango du horretarako aukera: 00:00etatik aurrera, Olber DJa arduratuko da auzoa dantzan jartzeaz.
Honakoa da datozen bi asteburuetarako egitaraua:
Urtarrilak 20, larunbata, umeen eguna
- 16:00. Puzgarriak.
- 16:30. Haur jaioberriei ongietorria Gure Ordeka elkartean.
- 17:00. Iraetako tren txikian ibiltzeko aukera.
- 17:30. Txokolate beroa banatuko dute.
Urtarrilak 21, Santa Ines eguna
- 11:00. Txupinazoa.
- Jarraian, Iraetako jubilatuentzako hamaiketakoa.
- 11:30. Gaztetxoen pilota partidak eta Iraetako Pilota Txapelketako finalak.
- 12:30. Santa Ines eguneko meza.
- 17:30. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, Errota harriaren txapelketa, Emakumeen Banakako Harrijasotzaile Txapelketa eta Gazteen Banakako Aizkolari Txapelketa.
Urtarrilak 26, ostirala
- 22:00. XXXIII. Mus Txapelketa Bekoetxen.
Urtarrilak 27, larunbata
- 13:00. Pintxo lehiaketa Gure Ordeka elkartean.
- 14:00. Pintxo lehiaketan aurkeztutako pintxoekin bazkaria Gure Ordeka elkartean.
- 19:30. Triki poteoa frontoitik hasita.
- 21:00. Afari herrikoia.
- 00:00. Dj Olber.