Argiolak etxeko gas fakturak ulertzeko doako aholkularitza zerbitzua eskainiko du

Iraia Oteiza 2024ko urtarrilaren 18a

Zestoako udaletxeko beheko solairuan eta Arroa Beheko Elkargunean eskainiko du energia komunitateak aholkularitza zerbitzua. Bertaratzeko asmoa dutenei etxeko faktura energetikoa emateko eskatu diere, aholkuak egiazko kasu batean aplikatu ahal izateko.

Argiola Energia Komunitateak etxeko gas kontratuen fakturak ulertzeko Energia bulegoa irekiko duela iragarri du. Hori horrela, doako aholkularitza zerbitzua eskainiko du Zestoan eta Arroa Behean. Sarritan gasaren eta elektrizitatearen fakturak ulertzeak duen konplexutasuna ikusita, faktura horiek ulertzen laguntzea du helburu bulegoak, zer ordaintzen den argiago jakiteko, kontratu bat edo bestea aukeratzeko unean irizpide zehatzak izateko eta, funtsean, fakturak modu egoki batean kudeatu ahal izateko. Hori dela eta, bertaratzeko asmoa dutenei etxeko faktura energetikoa emateko eskatu die komunitateak, aholkuak egiazko kasu batean aplikatu ahal izateko. Fakturak ulertzen ikasteaz gain, energia aurrezteko gomendioak ere jasoko dituzte bulegora hurbiltzen direnek.

Argiola irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta adierazi duenez, besteak beste, energia arduraz erabiltzeko eta iturri berriztagarriak erabiltzeko bideak irekitzea du helburu.

Bulegoa herritar guztientzat zabalduta egongo da honako ordutegi eta lekuetan:

  • Zestoako udaletxeko beheko solairuan:
    • Urtarrilaren 22an, astelehena, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
    • Urtarrilaren 24an, asteazkena, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
    • Urtarrilaren 29an, astelehena, 18:00etatik 20:00etara.
    • Urtarrilaren 31n, asteazkena, 18:00etatik 20:00etara.

  • Arroa Beheko Elkargunean:
    • Urtarrilaren 26an, ostirala, 18:00etatik 20:00etara.
    • Otsailaren 2an, ostirala, 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide