Kobaz Koba Trail lasterketan parte hartzekoak diren zestoarrentzat entrenamendu saioa antolatu dute

Aitziber Arzallus 2024ko urtarrilaren 18a

Iazko Kobaz Koba Trail mendi lasterketa. (Ihintza Elustondo)

Otsailaren 4an izango da entrenamendu saioa, goizez, eta parte hartu nahi duten zestoarrek otsailaren 1erako eman beharko dute izena info@kobazkobatrail.com helbidera idatzita edo 665 75 69 52 telefono zenbakira deituta.

Kobaz Koba Trail mendi lasterketan parte hartzekoak diren zestoarrentzat entrenamendu saioa antolatu dute otsailaren 4rako. Bigarren saioa izango da, abenduaren 17an egin baitzuten lehendabizikoa, eta ordukoa berdindu nahi lukete antolatzaileek, Arazi komunikazio enpresak eta Agiro mendi klubak, hain zuzen. 26 lagunek parte hartu zuten ordukoan, eta eguraldi ederra lagun, "saio paregabea" egin zutela adierazi dute. Antolatzaileen hitzetan, "haren parekoa izango da otsailaren 4koa ere".

Goizez egingo dute otsailaren 4ko entrenamendu saioa, eta parte hartzaileek 15 kilometroko Artzei ibilbidearen "aurkezpen irtenaldi gidatua" egiteko aukera izango dute, oinez zein korrika, Kobaz Koba Trail probarako ibilbide hori prestatzeko arduradunen eskutik. 08:30ean kiroldegian jarri dute hitzordua, eta 11:45ean leku berean bukatzea aurreikusten dute. Hainbat taldetan banatuta egingo dute saioa, parte hartzaileen mailaren arabera. Entrenamendu saioa bukatu eta dutxa bat hartu ostean, hamaiketakoa eginez, saioaz hausnartzeko eta iradokizunak eta ekarpenak egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. 

Entrenamendu saioan Kobaz Koba Trailen izena emanda dauden zestoarrek bakarrik parte hartu ahal izango dute. Parte hartzea doakoa izango da, baina aurrez, otsailaren 1erako, izena eman beharko dute info@kobazkobatrail.com helbidera idatzita edo 665 75 69 52 telefono zenbakira deituta. Informazio gehiago nahi dutenek ere bi bide horiek erabil ditzakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide