Emakumeei zuzendutako makineria tailerra antolatu dute Iraeta auzoan

Intza Trula 2024ko urtarrilaren 17a

Motozerra. (Pixabay)

Bionekazaritza eta Biolur elkarteek elkarlanean antolatu dute nekazaritzako makineria erabiltzen ikasteko saioa. Urtarrilaren 29an, astelehenez, izango da, Iraeta auzoko Amilibia baserrian.

Emakumeei zuzendutako makineria ikastaroa antolatu dute Bionekazaritza eta Biolur elkarteek elkarlanean. Hori horrela, hilaren 29an, astelehenean, Iraeta auzoko Amilibia baserrian elkartuko dira 10:00etatik 14:30era bitartean, nekazaritza munduan funtsezkoak diren makinak ezagutzeko eta horiek nola erabili ikasteko.

Goizean zehar erabiliko dituzten tresnen artean egongo dira honakoak: sasiak garbitzeko makina, motokultorea eta motozerra. Emakume guztiek har dezakete parte, eta ez da beharrezkoa aurretik nekazaritzako makinerian esperientzia izatea.

Interesa duen orok dagoeneko eman dezake izena ikastaroan bionekazaritza@gmail.com helbidera mezua bidalita. Plazak mugatuak direnez, bazkideei emango zaie lehentasuna. Bazkide ez direnek 15 euro ordaindu beharko dituzte; bazkideek, aldiz, 10 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide