Zestoako EAJk 2024ko aurrekontuei "baiezko kritikoa" eman ziela zehaztu du

Aitziber Arzallus 2024ko urtarrilaren 16a

Zestoako udal ordezkariak, aurrekontuen alde botoa ematen. (Ane Olaizola)

Oposizioko alderdiak azaldu du zein hobekuntza proposamen eta ekarpen egin zizkion Udal Gobernuaren aurrekontu proiektuari, eta Udal Gobenuaren beste hainbat jokabiderekin ados ez dagoela adierazi du. 

Zestoako Udalak iazko urtearen bukaeran egindako udalbatzarrean onartu zituen aurtengo aurrekontuak. Hain zuzen ere, 7.467.976 euroko aurrekontua onartu zuen, aho batez. Horrela aurtengoa baino 1,2 milioi euro gehiago izango ditu udalak, beraz, eta inbertsioen atala igoko da gehien. Hain zuzen, datorren urtean 700.000 euro gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara; 1.639.514 euro, guztira.

EAJren udal taldeak ere baiezkoa eman zien aurrekontuei, baina orain jakinarazi duenez, "baiezko kritikoa" izan zen. "Inbertsiotarako dagoen ahalmena kontutan hartuta, kopuru handi bat dagoeneko konprometituta dago; esaterako, GI-631eko proiektuari (Zestoako zirkulazioari eta sarrera-irteerei eragiten diena) eta kiroldegiko pilotalekuaren teilatu berriari eta eguzki plakei dagokiena. GI-631 proiektua gure hauteskunde programan jasota genuen eta baita Zubimusuko futbol zelaia aisialdirako prestatzea ere. Ez da guk egingo genukeen proiektua, baina aisialdirako prestatuko da", adierazi du, ohar bidez.

EAJk azaldu duenez, hainbat hobekuntza proposatu eta ekarpen egin zizkion Udal Gobernuari, eta horietatik, honako hauek onartu eta adostu dituztela adierazi du taldeak: "Geltokien egokitzerako kokaguneak aztertzea eta era ordenatu eta lehentasunezko batean geraleku nagusietan markesinak jartzea; lursailen digitalizazioari ekiteko diru partida bat aurrekontuetan sartzea; udalbatzarretako aktak IZFErekin edo bestelako ikus-entzunekoen bitartez kudeatzea; Irao gainetik Arroagora bitarteko zatian badenak jartzea aztertzea; Gizakia Helburu proiektuarekin hitzarmena eguneratzea; eta Azpeititik Zestoarako bidegorrian seinaletika eta irisgarritasuna hobetzea; besteak beste".

Izan ere, EAJren ustetan, "aurrekontuak ez dira zenbaki hutsak, atzean eta ondotik politika egiteko modua ere adierazten dute". Adierazi du hainbat gai daudela kezka eragiten diotenak eta ez dagoela ados Udal Gobernuaren jokaerarekin. "Asko kezkatzen gaitu kultur ekipamenduaren arazoari nola ez zaion behingoz heltzen eta azterketa egokitze batekin amaitu nahi den. Dagoena atondu eta birmoldatzearekin ez dira herriak dituen gabeziak zuzenduko. Turismoari dagokionez ere, uste dugu Zestoan turismoa sustatu eta turistak erakartzeko proiektua beharrezkoa dela. Izan daiteke kostako turistak, barne aldekoak... Aukerak badaude eta lana dago arlo honetan". Eta horiez gain, Elizondo eraikinaren okupazioarekin ere kezkatuta dagoela azaldu du udal taldeak. "Udaleko teknikariek beraien aldetik adierazi dute kezka formalki eta ondorioz udala mugitzera behartuta dago. Momentuan ez du ezer egin eta badirudi zain dagoela epaiak eta elizak desalojoa martxan jarri dezaten. Bitartean, kontzertuak, arriskuak, bizilagunen kexak gorantz doaz. Ez dago aurrekontuetan Gaztetxearen inguruko asmoen berririk. Zestoako EAJk zestoarren eta auzotarren alde lanean jarraituko du orain arte bezala eta adi egongo gara hartutako konpromisoak bete daitezen".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide