Herria etxebizitza alokatzeko tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera egingo dio Zestoako Udalak Eusko Jaurlaritzari. Espainiako Kongresuak iazko apirilean onartutako Etxebizitza Legeak aurreikusten duen neurrietako bat da tentsio handiko eremuak izendatzea eta, horrekin, etxebizitzen alokairuen prezioak mugatzea. Aipatutako legea aplikatuta, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren bitartez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tentsio handiko eremuen mapa osatu zuen abenduan. Bi baldintza edo egoera hartu dituzte kontuan tentsio handiko eremu izendatzeko hautagaiak zehazterakoan, baina bietako bakarra betetzea nahikoa da zerrendan agertzeko: bat, azken bost urteetan etxebizitzaren prezioa erkidegoko batez besteko KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana; bi, herritarrek soldataren %30 baino gehiago etxebizitza ordaintzera bideratu behar izatea.
Hiru lurraldeetako 41 udalerri ageri dira osoki edo partzialki tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituztenen zerrendan. Urola Kostako lau udalerri daude zerrenda horretan: Azkoitia, Zarautz, Zestoa eta Zumaia; tentsio handiko eremuak udalerri osoa hartzen du Zestoaren eta Zumaiaren kasuan, eta udalerriko gune jakin batzuek jaso dezakete izendapena Azkoitian zein Zarautzen. Eusko Jaurlaritzak du tentsio handiko eremuak izendatzeko eta izendapenaren ondorioz hartu beharreko neurriak zehazteko eskumena, baina horretarako ezinbestekoa da udalek eskaera egitea; hain zuzen ere, abendu erdi aldean bidali zuen jaurlaritzak eskaera egiteko prozedura bere zerrendan ageri diren udal guztietara.
Zestoako Udalak gaur jakinarazi du eskaera aurkeztuko duela, eta horrenbestez, pauso hori emango duen eskualdeko lehen udalerria izango da. EH Bilduren babesarekin onartu zuten Espainiako Etxebizitza Legea, eta koalizioak aste honetan iragarri du bera agintean dagoen Jaurlaritzaren zerrendako udal guztiek eskatuko dutela tentsio handiko eremu izendapena, eta oposizioan dagoen udaletan mozioak aurkeztuko dituela gauza bera galdeginez. Eskualdeari dagokionez, Zestoan eta Zumaian EH Bildurenak dira udal gobernuak.
Alokairuaren prezioan eragiteko
Zestoak tentsio handiko eremu izendatzeko "baldintzak betetzen" dituela berretsi du Mikel Arregi alkateak. "Legeak, kaleratzeen aurreko babes soziala handitzeaz gain, alokairuen prezioen igoera mugatzeko sistema bat ezartzen du, eta sistema hori martxan jartzeko lehen pausoa tentsio handiko eremuen izendapena da", azaldu du Arregik.
Zestoa da tentsio handiko eremu izendatzeko baldintzak betetzen dituen Gipuzkoako herririk txikiena, alkateak nabarmendu duenez. "Horrek Zestoan etxebizitza eskuratzeko zailtasuna gero eta larriagoa dela adierazten du, eta tentsio handiko eremu izendatzeak Zestoako Udalari alokairu prezioetan eragiteko ahalmena emango lioke”, gaineratu du. Besteak beste, izendapena udalak Correoseko eraikinerako eta Kale Okerrerako dituen alokairu sozialeko egitasmoetarako neurri "lagungarria" izango dela iritzi dio Arregik.
Izendapena lortzeko eman beharreko pausoak finkatuta ditu Jaurlaritzak, eta prozeduraren gaineko argibideak ere eman ditu Zestoako Udalak: "Herriko datuen memoria aurkeztu eta hiru urteetan etxebizitzaren eskaria eta eskaintza orekatzeko hartuko diren neurriekin ekintza plan bat egin beharko da".