Abian da Arroabeko VI. Ipuin Lehiaketa

Intza Trula 2024ko urtarrilaren 12a

Iazko ipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia. (Ezkaizto auzo elkartea)

Ezkaizto auzo elkarteak Arroako Eskolaren laguntzarekin antolatu du lehiaketa beste urte batez. Martxoaren 8a izango da lanak aurkezteko azken eguna.

Abian da Arroabeko VI. Ipuin Lehiaketa, Ezkaizto auzo elkarteak eta Arroako Eskolak elkarlanean antolatuta. Lanak aurkezteko epea ere jakinarazi dute antoltzaileek: martxoaren 8a, hain zuzen. Ondoren, epaimahaiak ipuinak aztertu eta onenak sarituko ditu.

Gainontzeko urteetan bezala, haurrak honako hiru mailatan banatuko dira: LH 1 eta 2koak, LH 3 eta 4koak, eta LH 5 eta 6koak. Bestalde, aurreko urteko berrikuntzarekin jarraituz, DBHtik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, helduen mailan. Azken multzo honetan lehiatzen dutenek, berezitasun modura, derrigorrez honako esaldia txertatu beharko dute ipuinean: "Esnatu zenean/denean erabaki irmoa hartu zuen/du: gaur da eguna".

Gaia librea da. Ipuinek euskaraz idatziak eta originalak izan behar dute, aurretik inon argitaratu gabeak. Luzeerari dagokionez, LH1 eta 2koen lanek orrialde bakarra izango dute; LH3 eta 4koen lanek bi orrialde izango dituzte gehienez; LH5 eta 6koen lanek lau orrialde izango dituzte gehienez, eta azken multzokoen ipuinak orrialde bakarrekoak izango dira. LH1 eta 2koek eskuz idatzita aurkez ditzakete lanak, gainontzekoek ordenagailuz egin beharko dituzte.

Parte hartzaileek ipuinakarroa@gmail.com helbidera bidali beharko dituzte lanak martxoaren 8a baino lehen. Norbaitek ezin badu posta elektronikoz bidali, antolakuntzarekin hitz eginda konponduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide