Agroekologia ardatz duen Zestotik Mahaira zikloak aurrera jarraitzen du eta datozen asteetan egingo dituzte antolatutako azken hiru jarduerak. "Elikadura sistema jasangarriago eta osasuntsuago baterantz begira jartzen hastea" helburu duen egitasmoa abenduan abiatu zuen Zestoako Udalak, Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren emanaldiarekin eta Koxinatu izeneko sukaldaritza agroekologikoko tailerrarekin, Zestoan. Urtarrilean, aldiz, Koxinatu sukaldaritza tailerra Aizarnan, emakume baserritarren solasaldia eta Amilubi lurra taupaka proiektuaren aurkezpena egingo dituzte.
Alde batetik, Koxinatu sukaldaritza tailerra eskainiko du Maite Cabezak urtarrilaren 16an, 18an eta 23an, Aizarnako Herri Etxean. Bestetik, urtarrilaren 10ean, emakume baserritarren solasaldia izango da 19:00etan hasita, Arroagoiko Herri Etxean. Hitzez elkartearen bidez antolatu dute hitzaldia.
Azkenik, urtarrilaren 24an, jardunaldiei bukaera emateko, Biolur elkarteak sustatutako Amillubi lurra taupaka proiektuaren aurkezpena izango da Alondero aretoan, 18:30ean hasita. Iraetako meandroan dagoen Amilibia baserria eta bere lurrak ditu oinarri eta abiapuntu Biolurrek sustatu eta beste hainbat eragilek babestutako proiektuak. Amillubiren helburuak tokian tokiko nekazaritza ekologikoa bultzatzea eta eskualdeko elikadura sistema indartzea dira.