Zestoako gaztetxearen aferari lotuta, bi gazte epaituko dituzte urtarrilaren 24an

Ihintza Elustondo 2024ko urtarrilaren 4a

Zestoako Zentroa okupatuta du ZGAk.

Zestoako Gazte Asanbladaren arabera, "kalte ordain eta isun handiak jasotzeko arriskua" dute epaituko dituzten gazteek. Era berean, Zentroko gaztetxearen desalojo eguna zehaztuko dute auzi saioan. Elkarretaratzea deitu dute epaiketaren egunerako.

Azken hilabeteotan tirabirak izaten ari dira Zestoako gaztetxearen kontuaren harira. Gaztetxea Elizondo eraikinera (Zentroa) lekualdatzeko presio neurri gisara, eraikin horretan sartu ziren otsailean Zestoako Gazte Asanbladakoak (ZGA). Otsailaren 22an Ertzaintzak sei lagun identifikatu zituen Zentroan, eta Gotzaindegiak asanbladako kideen kontra salaketa jarri zuela jakinarazi zuen ZGAk otsailaren 27an. Salaketa hori tarteko, gazte bat epaitu zuten apirilaren 18an Azpeitiko Epaitegietan, baina absolbitu egin zuten. Dena den, maiatza amaitzerako Zentroa utz zezala eskatu zion Elizak ZGAri, eta uztailaren amaieran, Elizak Zentroko gaztetxea desalojatzeko prozesu judiziala abiarazi zuen. Abenduaren 7tik Zentroko gaztetxea "berehalako desalojo arrisku egoeran" dago, ZGAk adierazi zuenez.

Zestoako Gazte Asanbladak orain gutxi jakinarazi duenez, urtarrilaren 24an izango da gaztetxearen aurkako epaiketa, Azpeitiko Epaitegietan. Herriko bi gazte epaituko dituzte, eta asanbladaren arabera, "kalte ordain eta isun handiak jasotzeko arriskua" dute horiek. Era berean, azken hamar hilabeteotan "Zestoako herriarentzako, gazteen antolakuntzarako zein kultur ekitaldietarako espazio bilakatu den gaztetxearen" desalojo eguna zehaztuko dute epaiketan.

Hori salatzeko, epaiketaren egunean elkarretaratzea egingo du ZGAk epaitegiaren aurrean, eta bertaratzera deitu dituzte herritarrak, "epaituei elkartasuna adierazi eta Zentroko gaztetxearen proiektuari babesa emateko". Defentsa komunitatearekin elkarlanean abiarazi duten apostasia kolektiborako kanpainan parte hartzera ere deitu dituzte herritarrak, zeinetan asanbladaren arabera, Gipuzkoako hainbat eta hainbat herri batu diren dagoeneko. Kanpaina horren helburua zera da: Elizak Zentroko gaztetxearen aurrean izandako jarrera salatzea eta prozesu judiziala "berehala bertan behera" utz dezan exijitzea. Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean jarri zuten martxan egitasmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide