Zestoako Udalak 7,4 milioi euroko aurrekontua onartu du datorren urterako

Ane Olaizola 2023ko abenduaren 29a

Zestoako udal ordezkariak, aurrekontuen alde botoa ematen, atzo. (Ane Olaizola)

Udalak aurten baino 700.000 euro gehiago bideratuko ditu inbertsioetara, Irikaitz Denbora Lerroa egitasmoa egiten hasteko, Alde Zaharrean dagoen Kaleokerreko hamar etxebizitza erosteko eta GI-631 errepidea berregokitzen hasteko. Oposizioak ontzat jo du inbertsioak handitzea, eta aurrekontuak babestu ditu.

2024ko aurrekontuak jorratzeko udalbatza egin zuen atzo, osteguna, Zestoako Udalak, eta guztira, 7.467.976 euroko aurrekontua onartu zuen, aho batez. Aurtengoa baino 1,2 milioi euro gehiago izango ditu udalak, beraz, eta inbertsioen atala igoko da gehien. Hain zuzen, datorren urtean 700.000 euro gehiago bideratuko dituzte inbertsioetara; 1.639.514 euro, guztira.

Aurrekontuetan txertatu dituzten hiru proiektu nagusi azpimarratu zituen Mikel Arregi alkateak udalbatzarrean: Zubiaurren aisia, kirola eta ondare arkeologikoa uztartuko dituen Irikaitz Denbora Lerroa egitasmoa egiten hastea; Alde Zaharrean dagoen Kaleokerreko hamar etxebizitza erostea eta GI-631 errepidea berregokitzea.

Irikaitz Denbora Lerroa egitasmoa egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jaso du udalak, eremuak babes izendapena duelako. Hori hala, hurrengo urtean proiektua lizitaziora aterako dute, eta udarako bizikleta zirkuitua egiteko asmoa du udalak. Datorren urtean, 250.000 euro horretara bideratzea aurreikusi du udalak.

Kaleokerreko etxebizitzei dagokienez, Arregik azaldu zuen "egoera oso prekarioan" daudela, eta udalaren helburua dela horiek erosi, "berehala eraitsi" eta Eusko Jaurlaritzaren Visesa sozietatearekin batera etxebizitza sozialak eraikitzeko azterketa egitea. "Horrelako etxebizitza sustapen bat agintaldi honetan gauzatzea zaila izango da, baina datorrenerako prest utzi nahi dugu". 360.000 euro bideratuko dituzte datorren urtean horretara.

GI-631 errepidea berregokitzea ere proiektu garrantzitsutzat jo du alkateak. Zestoako zirkulazioari buruzko proiektua egina du aldundiarekin, zeinak oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailu pribatuekiko "mendekotasuna" gutxitzea duen helburu. 1,5 milioi euroko aurrekontua du proiektu osoak, eta Errepide Sareak 500.000 euroko diru laguntza emango dio udalari. Proiektuaren zati bat gauzatu nahi dute datorren urtea; hain zuzen, GI-631 errepidea berregokitzea eta eskolarako irisgarritasuna hobetzea dute helburu.

Bestalde, kiroldegiko obren gastu "gehiena" ordainduta dagoela adierazi zuen Arregik, baina horiek aurrera eramateko beste 200.000 euro bideratuko dituzte 2024ean. Horrez gain, aldundiak 600.000 euroko diru laguntza emango udalari datorren urtean, eta modu horretan, kiroldegiko obrak finantzatuta geratuko direla azaldu zuen alkateak.

Hori horrela izanda, Arregik azaldu zuen diru sarrerak eta gastuak berdintzeko 668.401 euroko "desoreka" dagoela hasierako aurrekontuetan, baina datorren urtean jasoko dituzten diru laguntzak kontuan izanda, mailegurik eskatzeko "beharrik ez" dela egongo esan zuen.

EAJren babesa

Azken urteetan ez bezala, oposizioaren babesarekin atera zituen Udal Gobernuak 2024ko udal aurrekontuak aurrera. Garikoitz Mendizabal EAJren bozeramaileak positibotzat jo zuen inbertsioen atalak izango duen gorakada. "Ez dira seguruenik guk egingo genituzkeen aurrekontuak. Badaude hauteskunde programan txertatu genituen proiektuak, eta badaude beste norabide bat eman zaienak; denetarik dago, baina normala da hori". Dena den, "baiezko kritikoa" eman zuen EAJk, eta aurrekontu proposamena "denbora gehiagorekin" eta oposizioa "aintzat gehiago hartuta" lantzea eskatu zion Udal Gobernuari, haren arabera, "akats" batengatik "ikusezin" bihurtu delako oposizioa. Aipatutako akatsa onartu zuen alkateak, eta eskerrak eman zizkion oposizioari, "urteko gairik garrantzitsuena" den udal aurrekontuak babesteagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide