Herriko osasun zerbitzuaren egoeraz kezka eta eskaerak plazaratu zituen gaur zortzi, abenduaren 15ean, Zestoako Udalak. Besteak beste, anbulatorioan gaur egun mediku bakarra dagoela-eta murrizketak salatu, eta "lehen arreta zerbitzua jasotzen duten herritarrek eta osasun langileek merezi" dituzten baliabideak jartzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari.
Udalak adierazitako zein herrian "WhatsApp bidez" zabaldutako kezkari erantzunez, oharra plazaratu du gaur Zestoako EAJk. Gaiaren inguruan "Osasun sailarekin kontsultak" egin dituzte jeltzaleek, eta herriko anbulatorioaren egoeraren gainean zabaldutakoei erantzuna emateko hainbat puntu "agitu nahi" izan dituzte. Zestoari, biztanle kopuruagatik, lehen arretako bi mediku dagozkio, baina gaur egun bakarra ari da zerbitzua ematen osasun zentroan. Zestoako EAJren arabera, "Osasun sailak buru-belarri lanean diardu egoerak hobera egin dezan", baina "arazoaren muina kontratatzeko mediku falta" da. Zestoari dagokionez, "mediku batek uko egin" dio herrian plaza hartzeari eta "horrregatik dago hutsunea": "Puntualki Zumaiatik dator mediku errefortzua. Ordezkoa berehala lortzea ez da posible, kontratatzeko medikurik ez dagoelako".
Horrez gain, EAJkoek gezurtatu egin dute "dagoen medikua lan murrizketarekin dagoela kontratuz"; murrizketarako "eskubidea" duela eta egoera horretan "bere borondatez" dagoela azaldu dute jeltzaleek. Zestoako osasun zentroan txandak "egunean egunerako" ematen dituztela ere badio EAJk bere oharrean, eta osasun langileen lan kargaz esandakoei ere erantzun die: "Estresa oso hitz arriskutsua da. Anbulatorio guztietan bezala, egun batzuetan lan karga handia egon ohi da eta beste batzuetan une arinagoak bizi dira".