Urtea amaitzear da eta datorren urteko kiroldegiko bazkidetzen kanpainari ekin dio dagoeneko Zestoako udalak. Hori horrela, 2024. urtean kirol instalazioak erabiltzeko bazkide egin nahi dutenek dagoeneko zabalik dute horretarako aukera. Horrez gainera, jada bazkide direnek urtarrilaren 15era bitarte izango dute aldaketak egiteko epea.
Urteko bazkidetza eginda dutenei urtarrilean kobratuko zaie urteko kuota. Horrez aparte, urtarrilean zabalduko dute hobariak eskatzeko epea.
Hori horrela, honakoak izango dira datorren urteko tasa orokorrak:
- 12 eta 15 urte bitartean dituztenek: 46,59 euro.
- 16 eta 24 urte bitartean dituzten ikasleek: 103,53 euro.
- Ikasle ez diren 16 urtetik gorakoek: 155,30 euro.
- 65 urtetik gorakoek: 103,53 euro.
- Sendikoa (24 urte): 336,47 euro.
Informazio gehiago nahi duenak kiroldegiko harreran izango du eskuragarri.
Aholkularitza zerbitzua
Bizitza osasuntsuagoa sustatzeko asmoz, jarduera fisikorako eta kirolerako aholkularitza zerbitzua ere abiatu du Zestoako Udalak. Zerbitzua doakoa izango dela jakinarazi du, eta jarduera fisikoan lizentziatua den pertsona batek gidatuko du.
Pertsonaren egoera zein den aztertuko du profesionalak lehenik, eta, ondoren, herriak eskaintzen dituen baliabideak kontuan hartuta erabiltzailea aholkatuko du. Zerbitzuaren xehetasunak nahi dituztenek kiroldegiko harreran eskura ditzakete.