Osasun sistemaren kudeaketa "txarra" dela medio, herriko lehen arreta zerbitzua jasaten ari den egoeraren aurrean kezka adierazi du Zestoako Udalak. Bide beretik, egungo egoera "berehala" aldatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari.
"Esan beharrik ez dago osasun sistema on batean lehen arreta zerbitzua egoera onean kudeatzeak daukan garrantzia zenbaterainokoa den. Are gehiago, gure gizarteak azken hamarkadetan izan duen bataz bestekoaren etengabeko zahartzea ikusita", dio udalak. Hain zuzen, gizartearen bilakaera horrek lehen arreta zerbitzuaren "indartze" bat eskatzen duenean, alderantzizkoa gertatzen ari dela dio: "Gero eta baliabide gutxiago daude lehen arretarako".
Zestoako Udalaren esanetan, bi egoera "larri" sorrarazten ditu horrek herriko osasun zentroan: "Batetik, erabiltzaileei eman beharreko zerbitzuaren baldintzak erabat okertzen ditu, eta, bestetik, osasungintzako profesionalek gehiegizko lan karga jasan behar dute". Zera gehitu du: "Bi sendagile askotan motz gelditzen badira, sendagile bakarrarekin zerbitzuak erabat gainezka egiten du".
Hori horrela, Osasun sailari egoera konpontzeko eskatu dio: "Lehen arreta zerbitzua jasotzen duten herritarrek eta osasun langileek merezi duten baliabidez berehala horni dezan eskatzen diogu".