Larunbaten zabalduko dute Jose Julian Marquezek sortutako Ehizarako artea erakusketa. Historiaurreko hemeretzi bultzagailu artistikoren erreplikek osatzen dute, eta interesdunek martxoaren 3ra arte izango dute hura bisitatzeko aukera, Ekainberrin. Bestalde, igandean, historiaurreko erremintekin eta ehizarekin lotutako erakustaldi bat ere eskainiko du Marquezek berak.
Hezur Museoa zabaldu zuen Elgoibarren (Gipuzkoa) Jose Julian Marquezek. Ogibidez igeltseroa da, eta aisialdian historiaurreko tresnen erreplikak egiten ditu. Umetan piztu zitzaion Historiaurrearekiko pasioa, amuarrainak arrantzatzen ari zela, ibaian Brontze Aroko eraztundun aizkora bat topatu zuenean. Aizkorak 3.500 urte inguru zituen, eta egun, Gordailuan dago, Gipuzkoako Foru Aldundiaren material arkeologikoarentzat deposituan. Urteetan zehar, ehunka piezaren erreplikak sortu ditu Marquezek eta 2019an pieza horiek publikoari erakutsi ahal izateko Hezur Museoa zabaldu zuen, Elgoibarren.
Hori horrela, Zestoako Ekainberrik eta Hezur Museoak errepliken bildumako bultzagailu esanguratsuenak hautatu dituzte Ehizarako artea erakusketarako. Hemeretzi pieza desberdin jarriko dira ikusgai, bultzagailuetako artearen errepaso orokorra egiteko. Ekainberriko eguneko sarrera erosi beharko da erakusketa bisitatzeko.
Erakusketaz gainera, erakustaldia ere eskainiko du Marquezek igandean. Bertan, silexeko tailua nola lantzen den erakutsiko du Marquezek, baita lantza bat muntatzen ere. Horrez gainera, historiaurreko bultzagailu batekin nola ehizatzen den erakutsiko du. Igandean, hilaren 17an, 13:00etan izango da erakustaldia. Doakoa izan arren, beharrezkoa da izena ematea 943-86 88 11 telefonora deituta edo info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzita.