ZGAk "apostasia kolektiborako kanpaina" abiatu du, Elizari gaztetxearen desalojoa geldi dezan eskatzeko

Maialen Etxaniz 2023ko abenduaren 11

Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean jarri dute martxan kanpaina. Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, Zentroko gaztetxea "berehalako desalojo arrisku egoeran" dago abenduaren 7tik. Era berean, azaldu dute "herriko bi gazteren aurkako prozesu judiziala martxan" dagoela. Datozen egunetan jarriko dituzte informazio puntuak herrian. 

Zestoako Gazte Asanbladak (ZGA) "apostasia kolektiborako kanpaina" jarri du martxan, Elizak Zentroko gaztetxearen aurrean izandako jarrera salatzeko eta prozesu judiziala "berehala bertan behera" utz dezan exijitzeko. Asanbladako kideek ohar bidez eman dute kanpainaren berri, eta bertan azaldu dituzte kanpaina martxan jartzearen arrazoiak. Salerosketaren eta diruaren Elizari, apostasia lelopean jarri dute martxan egitasmoa. 

Asanbladako kideek adierazi dutenez, "Elizak gaztetxea lekualdatzeko prozesuan orain arte izan duen jarrera ikusita" erabaki dute kanpaina martxan jartzea. "Zestoako herriarentzat, eta bereziki gazteontzat, espazio bat ematea baino, nahiago izan du diruari eta bere interes ekonomikoei garrantzia eman", adierazi dute. Era berean, jakinarazi dute abenduaren 7tik Zentroko gaztetxea "berehalako desalojo arrisku egoeran" dagoela, eta horren aurrean Elizari eskaera zehatzak egiteko ere probestuko dute kanpaina.  "Alde batetik, aurreko ostegunean, hilaren 7an, asanblada berehalako desalojo arrisku egoeran egotera igaro zela kontuan hartuta eta bestetik, momentu honetan herriko bi gazteren aurkako prozesu judiziala abian dela jakinik, beharrezkoa ikusi dugu kanpaina hau abiaraztea Elizari eskaerak egiteko", azaldu dute. Bi dira egin dituzten eskaera nagusiak: "Desalojoa eta prozesu judiziala berehala bertan behera uztea salaketa kenduz eta gazte asanbladarekin harremanetan jartzea, negoziaketa prozesua martxan jartzeko". Gaztetxeko kideek nabarmendu dute bi eskakizun horiek bete ezean, martxan jarritako kanpainarekin jarraituko dutela.

Datozen egunetan hainbat informazio puntu jarriko dituzte herrian, apostasia egin nahi dutenek horretarako aukera izan dezaten. Gainera, azaldu dute, ez dutela baztertzen kanpaina herritik kanpora zabaltzea: "Elizari jakinarazi nahi diogu ezer egin ezean Zestoako herritik haratago kanpaina zabaltzea ez dugula baztertzen, eta hau geldiaraztea bere esku dagoela aurretik aipatutako bi eskakizunak beteta". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide