Negua iristear da, eta etxeetan energiaren eta gasaren erabilerak gora egiten du garaiotan. Hori horrela izanik, Zestoako Argiola energia berriztagarrien komunitateak, energiaren fakturak ulertzen ikasteko saioa antolatu du datorren asterako. Horrez aparte, hilabete hauetan ahalik eta gehien aurrezteko, energia gutxiago nola kontsumitu erakutsiko diete ikastarora bertaratzen direnei.
Saioa Enherkom taldeko -Hernaniko energia komunitateko- kideek gidatuko dute, eta parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea. Hori horrela, interesa duen oro animatu dute antolatzaileek datorren astelehenean, hilaren 11n, 18:00etan Alonderora. Gasaren eta energiaren fakturak ekartzeko eskatu dute.