Azken urtetako etenaldiaren ondoren, AMBko kideek Gabon Tuba Christmas kontzertua eskainiko dute aurten Zestoan. Abenduaren 16an, larunbatez, eskainiko dute Gabonen bueltako emanaldi berezia, 12:30ean hasita, udaletxe azpian. Kontzertua doakoa izango da.
Euskal Herriko hainbat txokotan eskaini izan dute Gabon Tuba Christmas kontzertua azken urteetan; besteak beste, Donostian, Hendaian, Urnietan eta Angelun. Nazioartean, Tuba Christmas gisa ezagutzen da egitasmoa, eta badu bere historia. AMBko kideek azaldu dutenez, Tuba Christmas-en lehen edizioa 1974an ospatu zuten, eta AEBtan ditu hastapenak: "New Yorkeko Rockefeller Centerreko izotz pistan egin zen lehen aldiz. Ekimena Harvey Phillips tubista, pedagogo eta sustatzaile estatubatuarrak abiatu zuen, William Bell omentzeko helburuz".
Zestoan, 1974ko moldaketa batzuk eskainiko dituztela aurreratu dute antolatzaileek, baita beste gabon kanta ezagun batzuk ere.
Kontzertuaren ostean, bazkaria egingo dute, eta edonor anima daiteke. Horretarako izena eman behar da honako lotura honetan.