Kobaz Koba Trail lasterketarako dortsalak agortuta daude, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Asteazkenean, hilaren 29an, zabaldu zuten izen-ematea eta ordu eta erdian agortu ziren 600 dortsalak. Artzei (15 kilometro) lasterketakoak, esaterako, hamabi minutuan agortu ziren; Zaldei (25 kilometro) lasterketakoak, aldiz, ordu eta erdian. Horrez aparte, itxaron zerrendak ere "ziztu bizian" bete zirela gaineratu dute antolatzaileek.
Arazi eta Agiro mendi klubek Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatu dute lasterketa, 2024ko otsailaren 18rako. "Euskal Herriko mendi lasterkarien topagune itzela da Kobaz Koba Trail", antolatzaileen esanetan. "Guztiok Zestoako mendi zidorretan goza dezagun lan egingo dugu antolatzaileok", gehitu dute. Hala ere, eskari guztiei ezin erantzun izanaren "penaz" geratu direla azaldu dute: "Interesatu asko dortsalik gabe geratu dira, baina gure mendi bideek eta zerbitzuek ere badituzte mugak, eta denon ongizaterako errespetatu behar ditugu".
Libre geratzen diren dortsalak itxaron zerrendan daudenei banatuko zaizkie. Halaber, dortsal gehiago libratuko balira, sare sozialen eta prentsaren bidez iragarriko dutela adierazi dute antolatzaileek.