Azaroak 25

Indarkeria matxistaren aurka kalera atera dira Zestoan

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 25a, 14:42

Bi elkarretaratze egin dituzte gaur eguerdian Zestoan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Alde batetik, talde feministak deituta egin dute kontzentrazioa plazan, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarri.  Ondoren, Itaiak deituta egin dute protesta, leku berean. Itaiak, erakundeak seinalatu eta "indarkeria matxistarekin amaitzeko eta gizarte berri bat eraikitzeko bidean" lanean jarraituko duela nabarmendu du. Bi deialdietan izan dituzte gogoan aurten indarkeria matxistaren biktimak izan diren emakumeak. 

Bi elkarretaratze, eta aldarri nagusi bat: indarkeria matxistarekin amaitzea. Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna da gaur, azaroak 25, eta eskualdeko beste hainbat herritan bezala, zestoarrak ere kalera atera dira emakumeenganako indarkeriarekin amaitzearen ezinbestekotasuna aldarrikatzera. Bi hitzordu zeuden deituta gaur eguerdirako. Aurrena, 12:00etan, Zestoako mugimendu feministak deituta. Bigarrena, 13:00etan, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta. 

Talde feministako kideek, hasteko, eskerrak eman dizkiete elkarretaratzera bertaratu direnei, eta jarraian, haien irakurketa plazaratu dute. "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatu ditu mugimendu feministak aurtengo azaroaren 25ean. Indarkeria matxistak "milaka aurpegi" dituela adierazi dute hitzartzean: "Emakume izateagatik epaitzen gaituzte, emakume izateagatik hiltzen gaituzte. Milaka aurpegi ditu indarkeria matxistak". Era berean, gogoan izan dituzte 2023an indarkeria matxistaz hildako biktimak, eta gogoan izan dute Lizarrako indarkeria bikario kasua jasan duen emakumea. Hainbat datu plazaratu dituzte egoeraren gordina zenbaterainokoa den ikusarazteko, eta horien artean, aipatu dute indarkeria kasuak %6,2 igo direla EAEn. Datu horiek "izebergaren punta" direla azpimarratu dute, eta horren atzean bestelako eraso edo jarrerak daudela gogorarazi. "Hau ez da hurruneko herrietan gertatzen den zerbait. Gure etxeetan zein herrietan ere gertatzen da". Horrenbestez, indarkeria zantzuak jasan dituzten emakumeei zuzendu dira, eta "hausnartzeko eta egoerari behar duen garrantzia emateko" galdegin dute. "Denon ardura da indarkeria matxistarekin amaitzea, Indarkeriaren konplize egiten gaituen isiltasunarekin amaitzea, eta laguntza behar duenari, ematea". Mugimendu feministaren deialdian izan dira Zestoako Udaleko zenbait ordezkari. 

Elkarretaratzeak iraun duen bitartean, udaletxe azpiko arkupeetan jarritako karteletan gogoan izan dituzte indarkeria matxistaz hildako emakumeak. 

Zestoako Itaiak ere indarkeria matxistaren aurkako aldarriak kalera ateratzeko aprobetxatu du gaurko eguna, Indarkeria matxistari aurre egiteko, sozialismoa eraiki lelopean. Emakumeen antolakunde sozialistak gogoratu du indarkeria matxistak "forma berriak" hartu dituela, eta horiek guztiak borrokatzearen garrantzian jarri du azpimarra: "Nahiz eta indarkeria matxistak forma berriak ere hartu dituen, egunez egun egin behar diogu aurre erasoaldi horri: jarraipenak, jazarpenak, mehatxuak, komentario lizunak, bortxaketak. Baita bere aurpegi ilunenari ere, erailketa matxistari. Urte honetan, gutxienez, lau emakume izan dira erailak Euskal Herrian. Lizarrako erailketa bikarioa ere ezin ahaztu. Gertakari hauek guztiak gogor salatzearekin batera, indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko dei egin nahi dugu azaroaren 25 honetan". Era berean, instituzioek hartutako neurriekin zorrotz agertu dira, eta salatu dute horiek ez dutela "errealitate gordina" aldatu: "Instituzio publikoetan, hedabideetan, ikastetxeetan zein parlamentuan berdintasunaz hitz egiten badute ere, errealitatean emakume langileok jazarriak izaten jarraitzen dugu. Errealitatean polizia etxeetan jazartuak izaten dugu, ospitaleetako protokoloak emakumeok zaurgarriagoa bihurtzen gaitu, epaiketa amaigabeak, laguntza ekonomiko psikologiko urriak etbr...". Hori dela eta, antolatzearen garrantzia nabarmendu dute, eta lanean jarraituko dutela berretsi: "Itaiatik lanean gabiltza emakume langileon emantzipazioa egikarituko duen gizarte berri bat eraikitzeko. Horretarako, indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzea ezinbesteko premisa da". 

Elkarretaratzeak iraun duen bitartean, hainbat albisteren argazkiak jarri dituzte ikusgai arkupean, baita aurten egindako adierazpen bilketan jasotako testigantzak ere, tartean, Zestoako hainbat tabernarirenak. 

Azaroaren 30ean greba egiteko deia

Bi elkarretaratzeen amaieran, mugimendu feministak zein Itaiak, azaroaren 30ean mobilizatzera deitu ditu herritarrak. Zestoako mugimendu feministak azaroaren 30erako antolatu dituen ekintzak ekarri dituzte gogora, eta azaldu dute Zestoako emakume taldetxo bat aritu dela egitaraua eta ekimenak prestatzen. Egun horretarako dituzten aldarriak gogorarazi dituzte, eta Zestoan egingo dituzten ekintzen berri eman dute. Horietan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 11:00etan egoitzetara joango dira greba egin ezingo duten langileei babesa agertzera, 12:00etan elkarretaratzea egingo dute eta 19:00etan ekitaldi nagusia, herriko plazan. 

Itaiak, bere aldetik, greba egitera deitu du: "Emakume langileok ezin gara gure zapalkuntza kudeatzearekin konformatu eta, beraz, gaurdanik martxan jartzen dugun borroka prozesu bakoitzak zentzu horretan ekarpena egin behar du, gizarte sozialista eraikitzera bidean baldintza politikoak eraikiz. Norabide horretan aterako gara kalera Greba Orokorrean. Guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berak edukitzea aldarrikatzen dugu, hau da, guztiok bizi aukera berak izatea eta, horretarako, ezinbestekoa izango da guztion soldata berdintasuna bermatua izatea, zaintza lanak sozializatzea, baina baita indarkeria matxistari aurre egitea ere. Beraz, azaroak 30ean mobilizatzeko eta kaleak hartzeko dei egiten dugu". Itaiak Donostian egingo du manifestazioa, 13:00etan hasita.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide