Datorren asteazkenean, hilaren 29an, 12:30ean zabalduko dute Kobaz Kobaz Trail mendi lasterketan izena emateko epea. Arazi eta Agiro mendi klubek Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatu dute lasterketa, 2024ko otsailaren 18rako.
Gainontzeko urteetan bezala, bi ibilbide ezberdin izango dira aurten ere; bata, Artzei (15 kilometrokoa), eta, bestea, Zaldei (25 kilometrokoa). Lasterketa bakoitzerako 300 dortsal egongo dira eskuragarri, 600 lasterkari guztira.
Egunean bertan parte hartzaileek hainbat zerbitzu izango dituzte eskuragarri: kronometraje zerbitzua, arropa zaindegi zerbitzua, dutxa zerbitzua, koba txikiko pasagunean eta helmugan korrikalari guztiei bakarkako argazkia eta indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa amaieran, besteak beste. Horrez gain, parte hartzaile bakoitzak lasterketako kamiseta jasoko du.
Antolatzaileek gogorarazi dute Kobaz Koba Trail lasterketan parte hartzeko ez dela beharrezkoa federatuta egotea eta interesa dutenek kirolprobak.com webgunean eman dezakete izena. Arazi eta Agiro mendi klubek eskerrak eman nahi izan dizkiete datozen hilabeteetan lanean jardungo duten eta lasterketa posible egiten duten babesle, boluntario, herritar eta lurren jabe guztiei.