Arazi IKT eta Agiro mendi klubak iragarri dute Kobaz Koba Trail mendi lasterketaren 2024ko edizioaren data: otsailaren 18an jokatuko dute Zestoa inguruko kobazuloetatik igarotzen den lasterketa. Data iragartzearekin batera jakinarazi dute izena-ematea hil honetan bertan zabalduko dute, eguna zehaztu ez badute ere. Beste behin, leku mugatuak izango ditu lasterketak: hain zuzen, Artzei (15 kilometro) eta Zaldei (25 kilometro) probetarako hirurehuna korrikalari hartuko dituzte gehienez.
Antolatzaileen esanetan, "ibilbide ederra eta berezia" prestatu dute datorren urteko ediziorako; "betiko modukoa", taldeen esanetan. "Zestoa inguruko bide zidorretan barrena, euri, haize, lokatz eta dena lagun; baina beti ondare natural eta historiko paregabeaz gozatzeko aukera eskaintzen duena. Lehen gizakia ibili zen bideetatik barrena diseinaturiko ibilbidea da, historiaurreko ondare eta aztarnategien lurraldean barrena, historiaurreko margo eta harribitxiak jasotzen dituzten koben bideetan: Ekain, Danbolinzulo,Astigarraga, Amalda, Praileaitz, Astuigaña, Erraila, Urtiaga, Ermitia eta Erlaitz, eta gainera Irikaitzeko aztarnategia eta Arluze monolitoa. Benetako historiaurreko ibilbidea".
Arazi IKT eta Agiro mendi klubak Zestoako Udalaren laguntzarekin antolatzen dute mendi lasterketa, eta antolakuntzak bereziki eskerrak eman dizkie ibilbidea prestatzeko "lankidetza" eskaini duten lur-jabe guztiekin. Era berean, korrikalariei dei egin die "errespetuz" ibil daitezen bide osoan eta ez dezatela herri bideetatik kanpo entrenatu. Era berean, landa guneak zaintzeko eskatu diete, langak itxiz, zarata saihestuz eta bertakoen atsedena ez oztopatuz.