Zestoako Alondero aretoa goraino bete zen atzo arratsaldean, Jon Artano kazetari zestoarrak, argitaratu berri duen Juana liburua aurkeztu baitzuen han. Pako Aristi idazle urrestildarra lagun zuela, liburuaren nondik norakoak azaldu zizkien Artanok bertaratu ziren herritar guztiei.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker idatzi du Juana liburua Artanok. Juana Perea Platerenaren istorioa izan du hark kontagai 160 orrialdetako lanean. 2020an erail zuten Perea gizon armatu batzuek, Kolonbian.

Kazetari zestoarrak aurkezpenean azaldu zuenez, Perea nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu, lekukoekin mintzatu, eta ikerketako agiriak arakatu ditu. Perearen familiarekin hitz egindakoa eta Perearen izeba batek idatzitako testuak bospasei historialarirekin kontrastatu dituela zehaztu zuen kazetariak. "Perearen izebak ez sinesteko istorioak zituen idatzita 1936ko gerraz, baina horiek egiaztatu ahal izan ditut, harrigarria da", azaldu zuen. Hala, liburuan bi istorio gurutzatzen dira: Perearena, eta haren familia euskaldunarena. Artanok aurkezpenean kontatu zuen Perearen istorioari liburu osoa ematea erabaki aurretik "zakukada istorio" bilduak zituela bekaren harira Argentinan, Txilen, Perun, Bolivian, Ecuadorren eta Kolonbian egindako egonaldietan, eta ez du baztertzen aurrerago horiekin beste libururen bat egitea.