Mendietan zentral eolikoak eraikitzearen aurka, hainbat ekintza prestatu dituzte larunbaterako

Ane Olaizola 2023ko azaroaren 7a

Zestoatik abiatuta, mendi irteera egingo dute goizean, eta eguerdian elkarretaratzea eta bazkaria izango dira. Bazkarirako izena aurrez eman behar da.

Sañu bizirik! taldeak, Zestoako Gazte Asanbladak eta hango Agiro mendi klubak mendi irteera, elkarretaratzea eta bazkaria antolatu dituzte datorren larunbaterako, Mendietan zentral eolikorik ez! lelo hartuta.

Eguna hasteko, mendi irteera egingo dute 09:00etan Gurutzetik abiatuta. Endoiara joango dira aurrena, eta han hamaiketakoa egingo dute. Ondoren, Otzarreta gaina, Belioso, Ekain gailurra, eta Sastarrain zeharkatuko dituzte, berriz herrira itzultzeko.

13:00etan, berriz, elkarretaratzea egingo dute, eta 14:00etan bazkaria izango da Gaztetxean. Otordura joan nahi duenak aurrez izena eman beharko du, Portale tabernan edo 616 30 79 67 telefono zenbakira idatzita. 10 eurotan eskainiko dute bazkaria, eta antolatzaileek azaldu dute aurrez abisatuz gero, menu beganoa ere emango dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide