Euskararen aurkako oldarraldi judiziala izan dute hizpide Zestoan

Intza Trula 2023ko azaroaren 3a

Euskararen aurkako oldarraldi judizialaz solasaldia, atzo Zestoan. (Intza Trula)

Auzitegietako azken epaiek nola eta zertan eragingo digute herritarroi? galdera abiapuntu hartuta euskararen normalizazioaren aurkako epaien inguruan mintzatu ziren atzo arratsaldean Alonderon. Iñigo Urrutia EHUko irakaslea eta Miren Segurola Uemako koordinatzailea izan ziren hizlariak.

Auzitegietako azken epaiek nola eta zertan eragingo digute herritarroi? galdera oinarri hartuta euskara jasaten ari den oldarraldi judiziala izan zuten hizpide atzo arratsaldean Alonderon. Iñigo Urrutia EHUko irakasleak eta Miren Segurola Uemako koordinatzaileak gidatu zuten solasaldia.

Urrutiaren hitzetan "sententziek euskararen normalizazioaren aurka egiteaz gain, gazteleraren defentsa egitea" dute helburu. Irakaslearen esanetan, euskara "blokeatzea" da asmoa, eta horri aurre egiteko beharra azpimarratu zuen: "Zerbait egin behar dugu egoera hau aldatzeko; euskarari beste estatus politiko bat eman behar zaio, hortik alda daiteke dena".

Horrez aparte, euskararen egoera "oso ezegonkor" dagoela gaineratu zuen Urrutiak: "Orain arte geunden puntura iristeko sekulako lana egin dugu denok eta momentu batetik bestera dena kendu digute". "Euskararen normalizazioaren mugak Euskal Herriak jarri behar ditu, ez epaileek", zioen.

Ildo beretik, egunerokotasunean euskarak jasaten duen bazterkeriaz mintzatu zen Segurola: "Guk hizkuntza eskubide guztiak errespetatzen ditugu, gure hizkuntzarekin egiten ez duten bezala", azaldu zuen. "Hizkuntza baten normalizazioa nahiko zaila da izatez eta horrelako epaiekin gehiago", zioen Uemako koordinatzaileak.

Solasaldiaren amaieran bertaratu ziren herritarrek ekarpenak egiteko aukera izan zuten, baita gaiaren inguruan zituzten zalantzak galdetzeko ere.

Euskalgintzaren Kontseiluak Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelo hartuta larunbaterako deitu duen mobilizaziora joateko autobuserako sarrerak geratzen dira oraindik. 

Miren Segurola eta Iñigo Urrutia atzoko solasaldian. (Intza Trula)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide