Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak topaketa egingo du Zestoan

Intza Trula 2023ko urriaren 31

(Minbiziaren Aurka Gipuzkoa)

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartea eta bertan ematen diren doako zerbitzuak ezagutzeko gosaria egingo dute datorren asteazkenean, azaroaren 8an, Alonderoko kultura aretoan. 

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak gosaria antolatu du zestoarrentzat. Datorren asteazkenean izango da topaketa, azaroaren 8an, eta herritarrek elkartearen jarduna eta Azpeitiko egoitzan eskaintzen dituzten doako zerbitzuak ezagutzeko aukera izango dute bertan. Zalantzak argitzeko ere baliatuko dute tartea.

Hori horrela, azaroaren 8an 10:30ean elkartuko dira Alonderoko kultura aretoan. Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak "pertsona guztiak" gonbidatu ditu gosarira eta "bertaratutakoen eta elkarteko kideen artean giro lasaia sortu nahi" dutela azaldu dute. Topaketaren inguruko informazio gehiago behar dutenek 943-45 77 22 telefonora deitu dezakete.

35 urte lanean

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak (lehen AECC zenak) 35 urte daramatza doako zerbitzuak ematen paziente onkologikoei eta haien senideei. Besteak beste, terapia psikologikoa, gizarte-laguntzako saioak, material ortopedikoaren maileguak, prebentzio-jarduerak eta tailerrak eskaintzen dituzte.

Elkarteak 14.000 bazkide baino gehiago eta 930 boluntario baino gehiago ditu, zazpi egoitzatan banatuta: Donostian, Eibarren, Irunen, Zarautzen, Zumarragan, Tolosan eta duela urtebetetik, Azpeitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide