Manifestazioa, Antton Olaizola deportatu zestoarraren eskubideak aldarrikatzeko

Unax Larrañaga 2023ko urriaren 29a

Antton Olaizolaren aldeko manifestazioa atzo, Zestoako plazan. (Unax Larrañaga)

Herritar ugari bildu ziren Antton Ao Povo herri plataformak antolatutako manifestazio isilean. 40 urte daramatza deportatuta Olaizolak Cabo Verden.

Antton Olaizola zestoar deportatuaren eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, 18:30ean hasita. Antton Ao Povo herri plataformak deitu zituen herritarrak, deportatuen etxeratzea eta Olaizolaren eskubideak aldarrikatu zituen mobilizazio isil jendetsuan.

40 urte daramatza Olaizolak Cabo Verden deportatuta, eta duela aste batzuk plataformako kideek azaldu zuten moduan, oraindik ere Euskal Herriko gatazka politikoaren ondoriorik "ankerrenak" sufritzen jarraitzen du zestoarrak, nahiz eta garaiak aldatu diren. "Gatazka politiko honen ondorio latzenak pairatu eta gero, konfrontazio armatuaren zikloa itxi ondoren, egia da, garaiak aldatu diren arren, gatazka honen bestelako ondorioak hor jarraitzen dutela; etxe askotan sufritu da eta era guztietako biktimak utzi ditu han-hemenka. Baina, batzuk errelato bakarra ezartzen saiatu badira ere, askotariko kontakizunak baino ez du osatzen saminaren egiazko ispilua. Eta aparrak ur azalera bezala egiten du kontatu gabeko sufrimenduak ere. Ustezko egia ofizialak alde batetik, torturaren testigantzak bestetik eta deportazioaren errealitate ankerra hor segitzen dute gure begien aurrean".

Olaizolari ezarrita daukaten "bizi osorako zigorrarekin" amaitzeko ordua dela adierazi zuten agerraldi horretan. "Bada garaia, 3500 kilometrotara, hormarik gabeko kartzelan dagoen egoera jasanezin horrekin amaitzeko. Bada garaia, Antton gure herrian libre, lagunez eta senideez inguraturik ikusteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide