Txikitasunean Handi festa ospatuko dute gaur eta bihar Arroabean

Intza Trula 2023ko urriaren 27a

Joan den urteko Txikitasunean Handi asteburuko irudia. (Ane Olaizola)

Ezkaizto auzo elkarteak, Ederki elkarteak eta festa batzordeak elkarlanean antolatu dute asteburua. Adin guztietakoei zuzendutako ekintzez gozatzeko tartea izango da.

"Auzo baten txikitasunean handi" direla ospatuko dute gaur eta bihar Arroabean,Txikitasunean Handi jaiarekin. 2016tik urtero egiten dute asteburu hori auzoan, eta aurten ere "Arruatik eta arruarrentzat elkarlanean" egindako egitaraua prestatu dute Ezkaizto auzo elkarteak, Ederki elkarteak eta festa batzordeak.

Hain zuzen, gaur, 17:00etan, ekingo diote festari Potx pailazoaren ikuskizunarekin. Eguraldiak laguntzen badu, plazan egingo du emanaldia, eta bestela, frontoian. 19:00etan, Nokonok pintxo-potera bertaratzen diren guztiak dantzan jarriko ditu bere gitarrarekin, eta, eguna amaitzeko, ospakizunean ohikoa bihurtu den mus txapelketa jokatuko dute, 22:00etan. Txapelketan parte hartu nahi dutenek 21:30etik aurrera eman dezakete izena Txomin tabernan.

Bihar goizean jarraituko du festak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, hasierako egitarauak aldaketa bat izango du; izan ere, Sakulupeko parkea amaitzea zen hasiera batean bihar goizeko asmoa, baina azkenean, bertan behera geratu da auzolana. Hori dela eta, arratsaldeko jolasak 11:00etara aurreratuko dituzte, eta ondoren otordua egingo dute parte hartzaileen artean. 20:00etatik aurrera, trikitiaren eta panderoaren laguntzaz egingo dute poteoa.

Asteburuko jaia amaitzeko, 21:00etan Igor Olabideren omenezko bertso afarirako elkartuko dira. Antolatzaileetako batek aipatu duen moduan, "Olabide elkarte guztietan zegoen herritar horietako bat zen: guraso elkartean, festa batzordean, auzo elkartean... Festa guztiak antolatzen jarduten zuen". Afarian, Aitor Mendiluze, Aitor Salegi eta Iñigo Izagirre bertsolariak izango dira; gai jartzaile lanetan arituko da, bestalde, Amaia Agirre.

"Auzoa txikia da, baina guk handi sentitzen dugu", azaldu du antolatzaileetako batek. Era berean, "horrelako festa egunak jende gutxiren artean" antolatzen dituztela ere gaineratu du: "Gutxi gara, eta gauza handiak egiten ditugu horrelako auzo txikiei bizia emateko eta hemen gaudela aldarrikatzeko".

Behin baino gehiagotan entzun behar izan dute Arroabeko auzotarrek "Karmen jaiez gain, ez dagoela besterik auzoan", eta Txikitasunean Handi asteburuarekin eta azaroan egingo duten azokarekin "hori horrela ez" dela erakutsi nahi dute: "Horrelako ekintzekin, neguan auzoari bizitza ematea da gure helburua", dio antoltzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide