Urriaren 24an hasiko da 'Kontaidazu ipuin bat' egitasmoaren ikasturte berria

Mailo Oiarzabal 2023ko urriaren 19a

'Kontaidazu ipuin bat' egitasmoa iragartzeko erabili duten ilustrazioa. (Zestoako Udala)

Esti Andres izango da kontalaria datorren astearteko saioan. HHtik LH1era arteko haurrei zuzenduta egongo da eta 17:15ean hasiko da, Udal Liburutegian. Hamabost saiok osatuko dute Zestoako Udalak, Udal Liburutegiak eta Euskara Foroak sustatutako egitasmoaren aldi berriak.

Zestoako Udalak, Udal Liburutegiak eta Euskara Foroak sustatuta, aurten ere Kontaidazu ipuin bat egitasmoaz gozatzeko aukera izango dute Zestoako haurrek.

Datorren asteartean, urriaren 24an, izango dute ikasturte berriko lehen hitzordua Udal Liburutegian. Egitasmo honetan, hainbat herritarrek txandaka eskaintzen dituzten ipuin kontaketa saioak. Esti Andres izango da estreinako saioko kontalaria; HHtik LH1era arteko haurrei zuzenduta, 17:15ean hasiko da ipuin kontaketa.

Egutegi osoa, finkatuta

Urriko saio bakarraren ondoren, azarotik maiatzera, biak barne, hilean bi saio eskainiko dituzte Kontaidazu ipuin bat egitasmoaren barruan, guztiak lehendabizikoaren toki eta ordu berean.

Ikasturte osoko egutegia zehaztuta dute dagoeneko: azaroaren 7an eta 21ean, abenduaren 5ean eta 19an, urtarrilaren 9an eta 23an, otsailaren 6an eta 20an, martxoaren 5ean eta 19an, apirilaren 9an eta 23an, eta maiatzaren 7an eta 21ean gauzatuko dute Kontaidazu ipuin baten aldi berria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide