Sastarraingo bailarako landaredia ezagutzeko bisita gidatua, larunbatean

Intza Trula 2023ko urriaren 17a

Bisita gidatu baten irudia. (Artxibokoa)

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu du Ekainberrik oinezko bisita gidatua, Ondarea bizirik lelopean. Parte hartzeko izen-ematea ostiralean, hilaren 20an, amaituko da.

Sastarraingo bailarako landaredia ezagutzeko bisita gidatua antolatu du beste behin Ekainberrik larunbat honetarako, hilaren 21erako. Izan ere, Ekainberrik bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldietarako egindako gonbitarekin, eta Ondarea bizirik lelopean ibilaldia antolatu dute. 

Larunbatean 12:00etan abiatuko dira Zestoatik Ekainberrira. Sarrera salmenta bulegotik hasiko dute ibilbidea. Gida espezializatu baten laguntzaz, parte hartzaileak bailaran barrena murgilduko dira eta bidean aurkitzen den landaredia ezagutzeko aukera izango dute: duela hamalau mila urte Ekaingo margoak margotu zituztenetik gaur arte gizakiaren jarduerak bailararen paisaia nola aldatu duen aztertuko dute.

Halaber, parte hartzaileek aukera izango dute Ekain kobara euren kabuz gerturatzeko edo aurrez erreserbarik egin badute, Ekainberri bisitatzeko.

Doakoa eta euskaraz izango da bisita eta joateko beharrezkoa da aurretik izena ematea; hilaren 20an, 13:30ean itxiko da horretarako aukera. Izena ematea 943-86 88 11 telefonora deituta edota info@ekainberri.com helbidera idatzita egin daiteke. Oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatzen da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide