Zubimusu etxearen ondoan egonkortze lanak hasiko dituzte bihar

Intza Trula 2023ko urriaren 16a

Zubimusu etxearen ondoan egonkortze lanak egingo dituzte. (Zestoako Udala)

Zestoako Udalak jakinarazi du bihar Zubimusu etxearen ondoan harri lubeta berria egiten hasiko direla. Etorrabideko eta Endoiabideko bizilagun eta erabiltzaileek, Bainuetxeko estazioko bidetik ibili beharko dute lanak amaitu bitartean.

Egonkortze lanak hasiko dituzte bihar Zubimusu etxearen ondoan. Zestoako Udalak aditzera eman duenez, 2023ko ekainaren 18an izandako euriteen ondorioz luizia egon zen Zubimusu etxearen alboan. Hurrengo egunean kendu zuten eroritako lurra eta bidea zabaldu zuten, baina orain harri lubeta berria egingo dute bertan. Halaber, ostiralerako ibilgailuentzat eta oinezkoentzat bidea irekitzea aurreikusten du udalak.

Lan horiek direla eta, Etorrabideko eta Endoiabideko bizilagun eta erabiltzaileek Bainuetxeko estazioko bidetik egin beharko dituzte joan-etorriak. Oinezkoek ere Zubimusu kaleko 8. zenbakiaren ondoan dauden eskaileretatik edo estazioko industriaguneko trenbide zaharreko zubitik joan beharko dute, segurtasun baldintzak bermatzeko. Egonkortze lan hauek egiteko 21.689,25 euroko aurrekontua izan du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide