Antton Olaizola deportatu zestoarraren eskubideak aldarrikatzeko, manifestaziora deitu dute urriaren 28rako

Aitziber Arzallus 2023ko urriaren 8a

Atzo eguerdian egin zuten agerraldi jendetsua, Zestoako Kultur Etxeko atarian. (Aitziber Arzallus)

"Ideologia eta pentsamendu politiko ezberdinak" dituzten herritarrak biltzen ditu Antton Ao Povo herri plataformak, eta hark deitu du urriaren 28ko manifestazio isila. Zestoako plazatik abiatuko da mobilizazioa, 18:30ean, eta parte hartzera dei egin diete herritarrei.

Antton Olaizolak 40 urte daramatza deportatuta Cabo Verden, eta haren egoera gizarteratzeko eta salatzeko sortu zuten Antton Ao Povo herri plataformak manifestaziora deitu du urriaren 28rako. Deportatuen etxeratzea eta Olaizolaren eskubideak aldarrikatzeko mobilizazio isila izango da 18:30ean Zestoako plazatik abiatuta egingo dutena, eta atzo eguerdian agerraldi jendetsua egin zuten Kultur Etxeko atarian, gainontzeko herritarrei manifestazioan parte har dezatela eskatzeko.

Dioni Lauroba eta Peru Gartzia izan ziren atzoko agerraldian Antton Ao Povo herri plataformaren izenean hitz egin zutenak, eta haiek gogora ekarri zuten iazko ekainean toki berean elkartu zirela Olaizolaren etxeratzea eskatzeko, sortu zitzaion minbiziaren kontra behar bezala borroka egiteko aukera izan zezan. Azaldu zuten gaitzari hein batean aurre egitea lortu duela, egonkor dagoela, baina zaindu beharra daukala.

Dena dela, oraindik ere Euskal Herriko gatazka politikoaren ondoriorik "ankerrenak" sufritzen jarraitzen du zestoarrak, nahiz eta garaiak aldatu diren. "Gatazka politiko honen ondorio latzenak pairatu eta gero, konfrontazio armatuaren zikloa itxi ondoren, egia da, garaiak aldatu diren arren, gatazka honen bestelako ondorioak hor jarraitzen dutela; etxe askotan sufritu da eta era guztietako biktimak utzi ditu han-hemenka. Baina, batzuk errelato bakarra ezartzen saiatu badira ere, askotariko kontakizunak baino ez du osatzen saminaren egiazko ispilua. Eta aparrak ur azalera bezala egiten du kontatu gabeko sufrimenduak ere. Ustezko egia ofizialak alde batetik, torturaren testigantzak bestetik eta deportazioaren errealitate ankerra hor segitzen dute gure begien aurrean".

Iraganean gertatutakoak aldatzea ezinezkoa dela esan zuten, baina oraina eta etorkizuna ulertzeko balio bezatela iraganean gertatutakoak. "Iragana ez bertan goxo gelditzeko, aurrera egiteko gailu bezala erabiltzeko baizik. Eragindako eta jasandako min eta injustizien zergatiak ulertzen saiatzetik ikas baitezakete belaunaldi berriek. Euskal Herriak aurrera egiteko beste aukera bat du eta deportazioarekin amaitzeko beharra ezinbestekoa dela deritzogu".

Horiek horreka, Olaizolari ezarrita daukaten "bizi osorako zigorrarekin" amaitzeko ordua dela adierazi zuten. "Bada garaia, 3500 kilometrotara, hormarik gabeko kartzelan dagoen egoera jasanezin horrekin amaitzeko. Bada garaia, Antton gure herrian libre, lagunez eta senideez inguraturik ikusteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide