Zestoako kaleetan txakur gorotzak agertzen ari direla eta, ardura eskatu die udalak jabeei

Intza Trula 2023ko urriaren 6a

Zestoako Laranjadi plaza. (Artxibokoa)

Zestoako Udalak ordenantza batean jasoa du bide eta plaza publikoetan, parkeetan, lorategietan eta abarretan debekatuta dagoela txakurren kakak uztea. Hori horrela, herritarrei euren txakurren gorotzak jaso behar dituztela gogorarazi die.

Zestoako Udalak txakurren gorotzak jaso behar direla gogorarazi die herritarrei; izan ere, udalaren esanetan, bada denbora herriko kaleetan txakur gorotzak agertzen ari direla. Halaber, arazo horren aurrean ordenantza bat onartu dutela gaineratu du udalak. Bertan jasotzen den moduan, "debekatuta dago txakurren gorotzak bide eta plaza publikoetan, haur parkeetan, lorategietan, zelaietan eta oro har, apaindurarako eta pertsonen pasadizorako den edozein lekutan uztea".

Gainera, ordenantzaren 29. artikuluak adierazten duen moduan, txakur batek bide publikoa zikintzen badu, herritarrek eskubidea izango dute txakur jabeari edo eramaileari zikindutakoa garbi dezala eskatzeko. 

Gainerako herritarrekiko "begiruneagatik eta errespetuagatik" gorotzak jasotzeko eskatu du udalak. Araua betetzen ez dutenek, gainera, zigorra izan dezakete; 30,05 eurotatik hasi eta 300,51 eurotaraino iritsi daitezke isunak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide