Sinadura bilketa eginda, Antton Olaizolaren egoera salatzeko agerraldia eta manifestazioa deitu dituzte

Maialen Etxaniz 2023ko urriaren 2a

Antton Ao Povo elkartearen lehen agerraldia. (Danbolin)

Guztira, 300 sinadura bildu ditu Zestoako Antton Ao Povo plataformak, eta udalean mozioa aurkeztuta, Antton Olaizola deportatu zestoarraren eskubideen aldeko manifestazioa egingo dute urriaren 28an. Horren aurretik agerraldia deitu dute larunbaterako. Joan zen astean mozioa aurkeztu zuten Zestoako Udalean. 

Antton Olaizola deportatu zestoarraren egoera gizarteratzeko lanean jarraitzen du Anttok Ao Povo plataformak, eta iaz hasitako sinadura bilketa amaituta, mozioa aurkeztu zuen joan zen astean Zestoako Udalean. Orain, "deportazioarekin amaitzeko" eta Olaizolaren "eskubideak aldarrikatzeko" agerraldia eta manifestazioa deitu du herri plataformak. Hain zuzen, datorren larunbatean, urriaren 7an, agerraldia egingo dute, Bizi osorako zigorren aurka, deportazioarekin amaitu lelo hartuta. Agerraldia 13:00etan izango da, Kultur Etxearen atarian. Urriaren 28an, aldiz, manifestazio isila egingo dute Zestoan, 18:30ean plazatik hasita. 

Olaizolak 40 urte daramatza deportatuta Cabo Verden. Haren egoera gizarteratzeko eta salatzeko sortu zuten Antton Ao Povo taldea. Herri plataformaren arabera, Euskal Herrian "urte oso gogorrak" bizi izan dira "gatazka politikoaren eta armatuaren" ondorioz, baina "garaiak aldatu" direla uste duten arren, Olaizolaren aurkako "neurri politiko anker horrek" indarrean jarraitzen duela salatu dute. "Garaiak aldatu dira gauza batzuetarako: ETA desagertu da eta eragindako kaltea aitortuta dago; gertatutakoa berriro ez errepikatzeko borondatea erakutsi denean,  presoen urruntze eta sakabanaketa politikarekin amaitu denean, gatazkaren ondorioak bideratzen ari direnean, Anttonen aurkako neurri politiko ankerrak indarrean jarraitzen du oraindik", adierazi dute.

Deportazioa "zigor penalik gabeko egoera injustua" dela uste dute taldeko kideek, eta deportazioaren aurka agertu dira, beste behin: "Deportazioa ez da neurri berria euskal herritarrontzat, 1987 urtean estatu espainiarrak hirugarren herrialde batekin negoziatu ondoren ahoz hitzartutako erabakia baino ez da, erabaki ankerra erabat, zigor penalik gabeko zigor politiko hutsa baita deportazioa. Inolako eskubiderik gabe, paperik gabe, sendatzeko eskubiderik gabe, eta nortasuna galaraziz, ez hango, ez hemengo sentitzeko asmatuta dago deportazioa".

Zehazki, honako eskaera hauek egin ditu Antton Ao Povok sinadura bilketarekin nahiz Zestoako Udalean aurkeztutako mozioan: "Olaizolari ezarri zaion bizi osorako zigor honekin amaitzeko pausoak ematea; gertatutakoaren aitortza egitea, erreparazioa eskaintzea eta berriro gerta ez dadin bermeak ezartzea, konponbide demokratiko bat sustatuz eta salbuespen neurri guztiekin amaituz; Olaizolak bere herrian libre bizitzeko duen eskubidea aitortzea eta eskubide hori gauzatzeko bere eskura duen guztia egitea eta gatazkaren ondorioak ikuspegi integral batetik kontatzea eta konpontzea". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide