Ordenantza fiskalen %2ko igoera eta Antton Ao Povoren mozioa onartu ditu Zestoako Udalak

Maialen Etxaniz 2023ko urriaren 2a

Zestoako Udaleko iraileko udalbatzarra. (Zestoako Udala)

"Zestoako Udalaren kaudimena kontuan hartuta", 2024ko ordenantza fiskalek %2ko igoera izatea onartu zuten aho batez EH Bilduk eta EAJk. 2024tik aurrera ehun euro kobratuko diete festetan jatekoa saltzen duten ibilgailuei, eskaerak "asko" igo baitira. Herriko kirol eta kultur elkarteek Auzobus zerbitzuko ibilgailua alokatzeko aukera izango dute. Antton Olaizola herritarren aldeko mozioa onartu zuten EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren ezezkoarekin. Sozioekonomia, Trantsizio Ekologikoa eta Parte Hartze batzordeko zinegotzi batzordeburuaren liberazioa ez dute onartu, oraingoz, jeltzaleen kontrako iritzia tarteko.

Joan zen ostegunean egin zuen iraileko ohiko udal batzarra Zestoako Udalak. Besteak beste, 2024ko ordenantza fiskalen aldaketa, Ogasuna, Pertsonala eta Zerbitzuak batzordeko kide aldaketa eta Antton Ao Povo herri ekimenaren mozioa izan zituzten eztabaidagai, baita Sozioekonomia, Trantsizio Ekologikoa eta Parte Hartze batzordeko zinegotzi batzordeburuaren liberazioa ere. 

Sozioekonomia, Trantsizio Ekologikoa eta Parte Hartze batzordeko zinegotzi batzordeburuaren %20ko liberazioa bertan behera gelditu zen. Udalaren arabera, "EAJko kideek zalantzan jarri zuten zinegotziaren udaleko jarduna eta bere lanaren arteko bateragarritasuna". Horren aurrean, Mikel Arregi alkateak azaldu zuen ez dagoela "inolako arazorik" bi lanak uztartzeko, eta azpimarratu zuen bi ardurak "erabat bateragarriak" direla. Hori dela eta, txosten juridiko bat eskatu du udalak, eta gaia hurrengo batzarrean aztertzea erabaki zuten.

Ordenantza fiskalak, aho batez

"Zestoako Udalaren kaudimena kontuan hartuta", 2024ko ordenantza fiskalek %2ko igoera izatea onartu zuten aho batez EH Bilduk eta EAJk. Era berean, tasa eta prezio publikoetan bi gehikuntza ezarriko dituzte. Hain zuzen, festetan jatekoa saltzen duten ibilgailuen gaineko hainbat arau ezarri dituzte, eta aurrerantzean zerbitzua eskaini ahal izateko ehun euro ordaindu beharko du ibilbailu edo saltoki bakoitzak. Era berean, Auzobus zerbitzua alokagai jartzea erabaki du udalak. Hori horrela izateko hainbat arrazoi daudela azaldu du udalak: "Alde batetik, festetan etortzen diren hanburgeseri mugikorren eskaera asko igo denez [aurtengo jaietan hamasei eskaera jaso dituzte], zerbitzu hori arautzea erabaki dugu. Hainbat irizpide zehaztu dira, tartean hizkuntza irizpideak, eta aurrerantzean kobratu egingo zaio zerbitzu hori eskaini nahi duenari. Postu bakoitzak ehun euro ordaindu beharko ditu 2024tik aurrera. Bestalde, Auzobus zerbitzuak demanda handia du, eta ondorioz zerbitzua arautzea eta ibilgailua alokagai jartzea erabaki da. Bederatzi plazako ibilgailua da eta elbarrientzako plaza bat du. Beraz, eguneko prezio bat izango du. Hemendik aurrera herriko kirol eta kultur elkarteek posible izango dute Auzobus zerbitzuko ibilgailua alokatzea".

Etxe hutsen gaineko karga fiskala %50ean mantenduko du Zestoako Udalak. Arregik adierazi zuen azterketa bat egin beharko dela etorkizunean, "etxebizitzekin dagoen arazoa kontuan hartuta". 

Mozioa onartuta, baina jeltzaleak aurka 

Antton Olaizola zestoarrak 40 urte daramatza deportatuta Cabo Verden. Haren egoera salatzeko sinadura bilketa egin du Olaizolaren aldeko Antton Ao Povo taldeak. Guztira, 300 sinadura bildu dituzte, "Olaizolak pairatzen duen giza eskubideen urraketa bortitza salatzeko". Horrenbestez, sinadurak udalean aurkeztearekin batera, mozio bat aurkeztu zuen Zestoako taldeak iraileko udalbatzarrean. EH Bilduk mozioa babestu eta haren aldeko boza eman zuen; EAJ, aldiz, mozioaren aurka agertu zen, eta hiru zinegotzi jeltzaleek kontrako botoa eman zuten, "informazio falta" argudiatuta; izan ere, EAJko zinegotziek adierazi zutenez, eragileko ordezkariekin bildu ostean, "hainbat galdera erantzun gabe" gelditu zitzaizkien. 

Zehazki, honako eskaera hauek egin dizkio Antton Ao Povok Zestoako Udalari: "Olaizolari ezarri zaion bizi osorako zigor honekin amaitzeko pausoak ematea; gertatutakoaren aitortza egitea, erreparazioa eskaintzea eta berriro gerta ez dadin bermeak ezartzea, konponbide demokratiko bat sustatuz eta salbuespen neurri guztiekin amaituz; Olaizolak bere herrian libre bizitzeko duen eskubidea aitortzea eta eskubide hori gauzatzeko bere eskura duen guztia egitea eta gatazkaren ondorioak ikuspegi integral batetik kontatzea eta konpontzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide