Zestoarrek horren ezaguna eta kuttuna duten Ondarbasoko igoeraren 36. edizioa jokatu dute gaur goizean Zestoan. Ezohiko datan egin behar izan dute mendi txirrindularitza proba, eguraldi iragarpena tarteko bertan behera utzi baitzuten irailaren 2an egintekoak ziren igoera. Gaurkoan eguraldi eguzkitsu eta beroari egin behar izan diote aurre txirrindularitza igoeran parte hartu duten hamabi lagunek. 11:00etan hasi da erlojupeko proba plazatik, eta partehartzaileak txandaka, bi munutuko denbora tartearekin, ekin diote Ondarbasoko igoerari. Ohi baino jende gutxiago elkartu da bide bazterretan, baina hala ere herritarrek giro ederrean animatu dituzte proban parte hartu duten txirrindulariak; izan ere, haur, gazte eta heldu elkartu dira errepidean, ia denak itzal bila.
Guztira, hamabi lagunek eman dute izena gaurko erlojupeko lasterketan, eta iaz bezala gizonezkoetan Jon Mendiak lortu du denborarik onena. Dena den, ez du iazko marka hautsi, 17 segundo gehiago behar izan baititu proba amaitzeko. Iratz Pou sailkatu da bigarren, eta Julen Uranga hirugarren. Leire Lopetegi zestoarra izan da proban parte hartzera animatu den emakume bakarra, eta hark 19 minutu eta 17 segundotan amaitu du hiru kilometroko igoera malkartsua. Horrenbestez, harentzat izan da emakumezkoen saria. Proba amaituta, 13:00etan egin dute sari banaketa plazan, eta han banatu dizkiete sariak partehartzaileei.