Zestoako Udalak, Zestoa eta Urepele senidetzeko proiektua aurkeztu zuen Ideiak 2023 partaidetza bidezko aurrekontuen bigarren ediziora. Ideiak 2023 Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Kontseiluak elkarlanean gauzatutako ekimena da eta, hain zuzen ere, Zestoa-Urepele proiektu hori izan da Gipuzkoako 32 proiektu bozkatuenetako bat. Ondorioz, 20.000 euroko diru laguntza jaso du urtebeteko epean proiektua gauzatu ahal izateko.
Mikel Arregi Zestoako alkatea Gipuzkoako Foru Aldundian izan da proiektuaren aurkezpena egiten. Bozka eman duten herritarrei eskerrak eman nahi izan dizkie, eta hemendik aurrera martxan jarriko den proiektuan parte hartzera animatu ditu Zestoako eragile eta elkarteak, "proiektu herrikoia izatea baita helburua".
Senidetzeaz gain, beste lau ekimen gauzatzeko proposamena ere egin dute Zestoak eta Urepelek: lehenik eta behin, 'Urepele eguna' ospatu nahi lukete Zestoan eta 'Zestoa eguna' Urepelen; 'Laborari gazteak eta emakumeak' izeneko saioak ere egin nahi lituzkete, laborantza eta lehen sektoreari buruzko mugaz bi aldeetako ezagutzak eta esperientziak trukatuz; hirugarrenik, bertsolaritzaren bilakaera aztertu nahiko lukete generoaren ikuspegitik, Uztapide eta Xalbadorren garaietatik gaur egunera; eta, azkenik, Urepele eta Zestoa lotuko dituen oinezko ibilbidea egitea proposatu dute.