Ice Age Europe astearen barruan, Zestoako Ekainberri museoak —Ice Age Europe sareko kide da Ekainberri— bisita gidatua antolatu du larunbaterako, Sastarrain bailarako landaredia ezagutarazteko. Hain zuzen, duela 14.000 urte Ekaingo margoak margotu zituztenetik gaurdaino, gizakiaren jarduerak bailararekin paisaia nola aldatu duen aztertuko dute ibilaldian. Laburtuz, orduko eta gaur egingo Ekain Lurraldea parez pare jarriko dituzte: "Ibilbidean topatuko ditugun landaretza aztertuko dugu, eboluzioa eta egungo gizarteak inguruko bioaniztasunean duen eragina hobeto ulertzeko", esan dute antolatzaileek.
Oinez eta euskaraz egingo dute bisita gidatua, gaian aditua den gida baten bidez. 10:00etan elkartuko dira Ekainberrik publikoarentzat arreta eta sarrera salmenta duen bulegoan (Portale kalea, 1). Amaitu, berriz, Ekainberrin egingo dute.
Ordu eta erdiko bisita gidatua izango da, eta doakoa izango bada ere, aurrez lekua hartu behar da, 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta edo info@ekainberri.com helbide elektronikora mezua idatzita. Izena emateko epea ostiralean, hilaren 29an, amaituko da. Antolatzaileek oinetako erosoak eta eguraldiaren araberako arropa eramatea gomendatu die parte hartzaileei.