Xabin Etxaide oroitu dute Zestoan, haren hilketaren 38. urtemuga gogoan

Mailo Oiarzabal 2023ko irailaren 23a

Ertxiñako tontorrean gogoratu dute goizean Etxaide, eta haren oroitarrian egin duten ekitaldian, eguerdian. Etzi, irailaren 25ean, beteko dira 38 urte GALek zestoarra, Inaxio Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena hil zituela Baionako Monbar hotelean.

Etzi, irailaren 25ean, beteko dira 38 urte GALek Xabin Etxaide zestoarra, Inaxio Astiasuinzarra, Jose Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena hil zituela Baionako Monbar hotelean. Data horren bueltan urtero egin ohi dutenez, Etxaide oroitu dute gaur haren senideek, lagunek eta herritarrek, jaioterrian.

Goizean, Ertxiña mendira igo da herritar talde bat, eta 13:00ak pasatxo hasi da plazan hitzordu jendetsuena. Ordura arteko aterrune luzea orduantxe eten du euriak, baina zaparradak ez du asko iraun eta, aurreikusita zuten bezala, txistulariak buruan zituztela eta Egia bide, askatasuna amets, Xabin gogoan zioen pankartaren atzetik joan dira kalejiran plazatik estazio zaharraren gaineko parkeraino. Han dago Etxaideri eskainitako oroitarria, eta haren bueltan egin dute ekitaldia. Txalaparta hotsek hartu dituzte ekitaldian parte hartzera joandakoak. Hitzartzearekin, aldarrikapenekin, bertsoekin eta aurresku batekin osatu dute ekitaldia, lore eskaintzarekin bukatu eta berriro kalejiran plazara itzultzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide