Antzerkia: barnea kanporatzeko

Jone Arruabarren (Gipuzkoako Hitza) 2023ko irailaren 24a

Eromen antzerki eskolako kideak, iazko Antzerki Astean.

Duela hamahiru urte abiatu zen Zestoan Eromen antzerki eskola. Han batzen dira gazte zein helduak, inprobisazioa zein gorputz adierazpena lantzeko. Ezaguna da ikasturte amaieran antolatzen duten Zestoako Antzerki Astea ere; mila pertsonatik gora bildu izan ditu azken urteetan. Jone Arruabarrena kazetariak Gipuzkoako Hitzarako egindako erreportajea da honakoa.

Denok daukagu zerbait kontatzeko, baina, batzuetan, zer kontatu nahi dugun galdetzen digutenean, ez dakigu barruko hori ateratzen. Baina, bai: guzti- guztiok daukagu kontatzeko zerbait". Amancay Gaztañaga aktore, abeslari eta antzerki zuzendariaren hitzak dira. Baina nola atera barruko hori? Antzerkiaren bidez ematen diote bide Gaztañagak berak sortutako Zestoako Eromen antzerki eskolan. Barneko hori ateratzeko ez du ardura adinak edo hizkuntzak. Horregatik, adin ezberdinetako jendea biltzen da bertan, baita euskara jakin gabe klaseak euskaraz hartzen dituztenak ere. Aurten ere zabalik ditu ateak; urriaren 2ra arte dago irekita matrikulazio epea.

Aurten hamahiru urte beteko ditu eskolak. Gaztañagak sortu zuen, hamabi urtez Madrilen interpretazioaren inguruan formatu ondoren. "Herri txikietan kultura pribilegio bat bihurtzen da, azkenean. Oso gauza gutxi egoten dira, eta norbaitek interpretazioko ikasketa batzuk egin behar baditu, logikoena da herri handiago batera joatea", azaldu du. Zestoa txikia izanik —3.750 biztanle—, bertako herritarrei aukera hori ematea erabaki zuen; besteak beste, eskola zabaltzea. Orduz geroztik, urtero antolatu dituzte antzerki ikastaroak, eta Zestoako herritarrak ez ezik, inguruko herrietatik ere agertzen da jendea.

Amancay Gaztañaga Esaterako, Lourdes Galarraga. Azpeitian bizi da. "Pentsatzen nuen eskolara joateak lagunduko zidala pertsonalki hobeto adierazten. Erronka bat zen niretzat. Ematen du gure adinarekin lotsak edo beldurrak gaindituta dauzkazula, baina ez da egia. Antzerkiak egoera berezietan jartzen zaitu, eta hor azaltzen diren horiek guztiak lantzeko aukera bat da". 68 urte dauzka Galarragak, eta Zestoako bainuetxeko kafetegiko terrazan bildu da antzerkiko kide dituen Anjel Heredia eta Nara Aialarekin. Hiruretatik gazteena da Aiala; 16 urte ditu, eta horien erdiak eman ditu jada antzerki eskolan: "Nik txiki-txikitatik, telebista ikusten nuen bakoitzean, amari esaten nion telebista barruan egon nahi nuela. Beraz, amak antzerki eskolara eraman ninduen 8 urterekin, herrian bertan zegoela aprobetxatuta". Ezberdina da Herediaren kasua: 63 urte ditu, eta duela hamar etorri zen Madrildik Euskal Herrira: "Beti gustatu izan zait antzerkia ikustea, eta hona etorri nintzenean, niretzat aukera bat izan zen antzerkian hasi eta, batez ere, euskara praktikatzeko". Euskara txukunean mintzo da orain Heredia. Gainera, askatasuna ere eman dio antzezteak: "Niretzat beste mundu batean bizitzea da. Katerik gabe. Antzezten dudanean ez naiz Anjel Heredia. Beste pertsona bat naiz, eta pozik bizi naiz". Garraiolaria da, eta lanetik irten eta eskolara etortzean, "bat-batean libre" sentitzen dela dio. Antzeko sentsazioa dauka Galarragak; antzerkia beretzat "askatzailea" izan dela dio: "Jolasak egiten ditugu, eta, jolas horietan, azkenean, barruan daramazun umea libre uzten duzu. Gu haurrak ginenean, ez geneukan aukera hori jolasteko eta libreki adierazteko".

Irakurri erreportajea osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide