Arroako 1862ko erloju zaharra, berriro martxan

Iraia Oteiza 2023ko irailaren 21a

Santa Engraziako auzolan taldea eta Zestoako alkatea eraberritutako erlojuaren aurrean. (Iraia Oteiza)

Hogei urtez geldirik eduki ostean, Arroako erloju zaharra eraberritu eta martxan jarri du Santa Engraziako auzolan taldeak. Arroagoiko Herriko Etxean jarri dute, herritarrek 24 orduz ikusi eta entzun dezaten.

Arroak 1862ko erloju zaharra berreskuratu du. Zestoako Udalak, Arroagoiko Auzo Elkarteak eta Santa Engraziako auzolan taldeak iaz adostu zuten erlojua konpontzea, eta auzolan taldea arduratu da zeregin horretaz. 2022ko urrian ekin zioten lanari eta 2023ko martxoan amaitu zuten. Behin martxan, Arroagoiko Herriko Etxean ipini zuten uztailean eta hantxe jarraitzen du, herritar orok ikusi eta entzuteko moduan.

Santa Engraziako auzolan taldea 2016an sortu zen, auzoko elizako erlojua eraberritzeko asmoz. Taldearen zeregina, baina, ez zen hor amaitu; orduz geroztik, Santa Engraziako elizako teilatua ere konpondu dute, inguruko bidea ere bai, itukinak kentzeaz ere beraiek arduratzen dira eta Zestoako zein Arroako erlojuak ere talde lanean eraberritu dituzte. Hain zuzen ere, Arroako erlojua izan da konpondu eta martxan jarri duten azkena.

Azken erloju mekanikoa

Arroako kanpandorrean 1862an jarri zuten azken erloju mekanikoa, Jose Manuel Zugasti eta Faustino Balentin Zugasti aita-semeek egina. Hain zuzen ere, erloju horixe da orain eraberritu eta atzera ere martxan jarri dutena. Santa Engraziako auzolan taldearen arabera, garai hartako erlojuen berezitasunak ditu: mugimendu atala edo erloju beraren muina, eta soinu atala edo kanpai hotsen eragilea.

2003. urtera arte egon zen martxan 1862ko erloju hori, Arroako herritarrei ordua jotzen. Harrezkero ia hogei urte egin ditu mutu eta geldirik, ondoan jarri zioten erloju elektronikoa izan baita azken urteetan Arroako erloju ofiziala.

Originaltasuna mantenduz

Erlojua martxan 1862tik 2003ra egon bazen ere, urte tarte horretan zenbait konponketa izan zituela adierazi du Jon Egiguren auzolan elkarteko kideak, “originalak izan ezin daitezkeen piezak” aurkitu dituztelako erlojuan. Jakin badakite, 1976an, behintzat, konponketa bat egin ziotela, erlojuari ohar bat itsatsi ziotelako. “Gure helburua, ordea, erloju originala berreskuratzea izan da, hasieran zuen funtzionamendu berarekin jartzea”, azaldu du Egigurenek. Hori dela eta, garbitze orokor bat egin diote erlojuari, margotuz eta barniz kapa bat ere emanez. Besteak beste, brontzezko dozena bat ardatz-zorro jarri dizkiote, jatorrizkoan izango zituenaren antzekoak eta kanpai sistemaren mekanismoa ikusarazteko kanpai txiki bat ere ezarri diote.

“Ez gara erlojugileak, baina auzolan taldean mekanikariak ere baditugu eta ezagutza horiek baliatu ditugu erlojua zaharberritu eta martxan jartzeko”, adierazi du Manuel Arregi auzolan taldeko beste kideetako batek. Eta helburua lortu dute, 1862ko funtzionamendu berarekin 24 orduz martxan baitabil duela 160 urte baino gehiagoko Arroako erlojua. 

Erlojuaren inguruko informazio gehiago, honako lotura honetan eskuragarri.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide