Musika tradizionalaren sustraiei aurre eginez

Unax Larrañaga 2023ko irailaren 12a

Garikoitz Mendizabal, Tino di Geraldo, Gorka Hermosa eta Carles Benavent. (Elkar)

Sustraien matxinada izeneko diskoa aurkeztu berri dute Garikoitz Mendizabal zestoarrak eta Gorka Hermosak. Soinu tradizionaletatik abiatuz, jazza, flamenkoa, musika klasikoa eta folklorea uztartu dituzte. 

Txistua eta akordeoia. Euskal tradizioan guztiz barneratuta daude bi instrumentu horiek, eta guztiz  ezagunak dira jendartean horien soinuak. Doinu ezagun horiek mantenduz, joerekin haustea izan dute xede Garikoitz Mendizabal zestoarrak eta Gorka Hermosa urretxuarrak atzo aurkeztu zuten Sustraien matxinada diskoan. Euskal musika tradizionalaren erroetatik haratago joan dira, eta bi instrumentu horiekin unibertso aitzindariak jorratu dituzte, soinu berezi bat osatuz, ezaguna eta berria, aldi berean.

Elkar diskoetxeak argitaratu du 11 kantaz osaturiko diskoa, eta Elkar Musikaren udazkeneko lehen disko aurkezpena izan zen atzokoa. Mendizabalek adierazi zuenez, musika mota ugari izan dituzte erreferentzia modura kantak osatzerakoan: "Askotariko estiloak uztartu ditugu disko honetan. Musika klasikoa, jazza, folklorikoa eta flamenkoa izan ditugu erreferente, besteak beste". Diskoaren izena ere egoki jarrita dagoela adierazi zuen zestoarrak: "Izenburuak dioenez, matxinada bat da. Matxinada, zentzu artistikoan, estilo desberdinen fusioa egin dugulako, eta denetatik zerbait hartuz eta tradizioaren oinarrietatik abiatuz, mundu berri bat eraiki dugulako". Mendizabalen txistuak sustrai sakoneko doinua dakar errepertoriora; instrumentuarentzat erronka izan dela adierazi zuen: "Tesiturak, joerak zein artikulazioak nola atondu aztertzea eta piezak amaitzeko lanari aurre egitea esperientzia ahaztezinak izan dira".

Hermosa akordeoilariak konposatu du kaleratu berri duten diskoko errepertorioa. Azken urteotan mundu mailako erreferente bihurtu da urretxuarra; azken konposizioa Berliner Philarmonikeren eta Brandenburgoko Atean estreinatu zuen, maiatzean. Hamaihirugarren diskoa du Hermosak, eta lanaren aurkezpenean adierazi zuenez, "zerbait oso ona" egitera behartuta ikusten zuen bere burua. Emaitzarekin "gustura" gelditu dela eta helburua bete duela esan zuen. "Ziurrenik orain arte egin dudan diskorik onena da Sustraien matxinada".

Mundu mailako musikariak

Hermosak eta Mendizabalek mundu osoan aski ezagunak diren bi musikariren laguntza izan dute diskoaren ekoizpen prozesuan: Carles Benavent baxu jotzailea eta Tino di Geraldo bateria jotzailea izan dituzte estudioan.

Benavent jazz eta flamenko munduan ezaguna da, Paco de Lucia, Chick Corea eta Miles Davis bezalako musikariekin jo izan baitu. Di Geraldoren bateriaren erritmoak ere jazz eta flamenko zaleen artean ezagunak dira, eta hura ere Paco de Lucia bezalako artistekin aritu da.

Astebeteko bilkura bat egin zuten laurek, landetxe batean, "lehen egiten zen moduan", eta egun eta erdian grabatu zuten disko osoa estudioan. "Esperientzia ahaztezina izan da Benavent eta Di Geraldorekin lan egitea", adierazi zuen Mendizabalek.

Aurkezpen kontzertuak

Diskoaren lehen aurkezpen kontzertua Zumarragako (Gipuzkoa) Antio baselizan emango dute, irailaren 23an.

Etxetik urrunago, Madrilen, otsailean egingo dute aurkezpena, Galileo aretoan. Gasteizko Antxina Folk eta Bilboko Loraldia jaialdietan ere ariko dira; azken kontzertu hori berezia izango da, gainera. Euskal kulturan erreferenteak diren hiru emakume (Toti Martinez de Lezea, besteak beste) izango dira emanaldian, beren gogoetak azaltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide