Zestoako kirol jardueretan izena emateko epea, zabalik

Iraia Oteiza 2023ko irailaren 11

Zestoako kiroldegiko bulegoan eman beharko da izena irailaren 22a baino lehen. Jardueretarako taldeak sortzeko gutxieneko izen-emate kopurua bete beharko da, eta horrela ez balitz, kiroldegiak talderen bat ez sortzea erabaki lezake.

2023-2024 ikasturterako kirol jardueren eskaintza berria prestatu du Zestoako Udal Kiroldegiak. Heldu Fit, pilates, multifitness, total training eta spinning jarduerak eskainiko dituzte herriko kiroldegian, eta Arroa aktiboa eta Aizarna aktiboa ere izango dira hastear den ikasturtean.

Adin desberdinetarako jarduerak eskainiko dituzte, goizeko edo arratsaldeko txandetan eta egun bateko edo biko ordutegian. Jardueretarako taldeak sortzeko gutxieneko izen-emate kopurua bete beharko da, eta horrela ez balitz, kiroldegiak talderen bat ez sortzea erabaki dezake. Ondorioz, Udal Kiroldegiak adierazi duenez, ikastaroaren ordainketa taldea sortu dela ziurtatzen denean egingo da.

Bestetik, ikastaroak irauten duen bitartean bazkide egoeraren aldaketarik balego, hau da, alta edo baja, ikastaroen tarifak aplikatuko lirateke era proportzionalean. Bestalde, ordainketa bi zatitan egiteko aukera izango da, %50a hasieran eta beste %50a abenduan. Aukera honetaz baliatzeko derrigorrezkoa izango da kontu korrontea helbideratzea.

Kiroldegiko bulegoetan eman beharko da izena irailaren 22ra bitartean. Taldeak sortu diren ala ez irailaren 26an jakinaraziko du kiroldegiak, eta urriaren 2an ekingo diete kirol jarduerei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide