4.300 bisitari jaso ditu udan Ekainberrik

Mailo Oiarzabal 2023ko irailaren 5a

Ekainberriko sarrera.

450 bisitarik parte hartu dute uztailean eta abuztuan Lilitarren ohorea bisita antzeztuan Lili Jauregian, eta 3.850 lagun bertaratu dira Ekaingo kobaren erreplika ezagutzera. Irailaren 11n Ekainberri ireki zutela hamabost urte beteko dira.

Hamabosgarren urteurrena ospatzear da Ekainberri. Datorren astelehenean, irailaren 11n, beteko du urteurren hori Ekaingo kobaren erreplikak, 2008ko data horretan ireki baitzituen ateak Zestoan. Harrezkero, 440.000 bisitari igaro dira Ekainberritik zein gunearen bueltan historiaurrea eta Zestoako ondarea ezagutarazteko prestatutako beste guneetatik eta egitasmoetatik.

440.000 horietatik 4.300 uda honetan, uztailean eta abuztuan, ibili dira Ekainberrin (3.850) eta Lili jauregian (450); horrenbestez, iazko bisitari kopuru beretsua errepikatu da. Azken horiek Lilitarren ohorea bisita antzeztuaren bidez izan dute jauregia ezagutzeko parada, eta datozen asteetan ere izango da Liliko Andre Madalenen eskutik jauregia eta bere historia ezagutzeko aukera; irailaren 16an, 17an, 23an, 24an eta 30ean eta urriaren 1ean ere egingo baitituzte bisita antzeztuak, larunbatetan 16:30ean gaztelaniaz eta 17:30ean euskaraz, eta igandeetan 11:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz.

Ekainberriko bisiteo dagokionez, Ekain Abentura esperientziaren "arrakasta" nabarmendu dute museoko arduradunek udako balantzea egiterakoan. "Ekain Abentura esperientziaren bitartez, bisitariek jakin ahal izan dute duela 14.000 urteko gizakiek nola margotzen zuten, nola lortzen zuten sua eta nola ehizatzen zuten. Bisitariek tailerrean ikasitakoa praktikara eramateko aukera izan dute eta Historiaurreko bizimoduaren alderdi ezezagunak ezagutu ahal izan dituzte; izan ere, artelanak sortzeaz gain, gizaki horiek biziraupena ziurtatzeko txabolak eraiki, ehizatu eta jan egin behar zuten. Uda honetan, Ekainberrik aukera eman du bisitariak horretarako gai diren ala ez probatzeko", azaldu dute Ekainberri fundaziokoek. Asteartetik igandera, urte osoan dago Ekainberri bisitatzeko aukera.

Ekainberri ezagutu nahi dutenek zein Lili jauregiko bisita antzeztuetan parte hartu nahi dutenek Zestoako Turismo Bulegoko leihatilan (Portale kalea, 1), hango 943-86 88 11 telefono zenbakira deituta edo ekainberri.eus webgunean eros ditzakete sarrerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide