Abuztuaren 1ean hasitako udako etenaldia eta gero, azkenean irailaren 4an itzuliko da Auzo Busa, Zestoako erdigunea Aizarnarekin eta Arroagoiarekin lotzen dituen garraio zerbitzua. Hasieran abuztuaren 1etik irailaren 1era zen etena egitekoa zerbitzua, baina bihar hasi beharrean, datorren astelehenean jarriko dute berriro martxan, astelehenetik ostiralera –jaiegunetan izan ezik–, ohiko ordutegiarekin.
Urtea betetzear da Auzo Bus zerbitzua. Iazko azaroan jarri zuen martxan doako garraio publiko zerbitzu pilotu hori Zestoako Udalak. Urtebete osatutakoan emaitzak aztertu eta zerbitzuari zer norabide eman jakinaraziko zutela esan zuten orduan udal arduradunek.